argia.eus
INPRIMATU
Leioako inputatuak:
“Ez ditugu onartzen inputatzen zaizkigun karguak eta borrokarako prest jarraitzen dugu”
  • 2016ko apirilaren 26an manifestazioa egin zuten Leioako campusean, Ikasle Abertzaleak taldeak deituta. Istiluak egon ziren eta sei ikasle atxilotu eta inputatu zituzten. Urte bat geroago adierazi dute ez dituztela onartzen inputatzen zaizkien karguak eta ikasleriari dei egin diote errepresioaren aurka autodefentsa mekanismoak garatzeko.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 02a
Ertzantza Leioako campusean, 2016ko apirilaren 26ko manifestazioan (Arg.: @EnekoAnder)

“Ikasleon aurkako erasorik ez!” lemapean manifestazioa egin zuten Leioako campusean duela urte bat, EHUri honakoa eskatzeko: San Mameseko Herri Unibertsitateko ikasleei diziplinazko espedientea ez irekitzea, Gasteizko ikasleen aurkako salaketak deuseztatzea, Leioako ikasle inputatuaren aferan esku hartzea, Ertzaintza EHUn ez sartzeko neurriak hartzea eta indar polizialak campusetatik kanporatzea.

Salatu dutenez, manifestazioan errektoretza okupatzea erabaki zuten eta Ertzaintzak indarrez atera zituen. Sei ikasle atxilotuak eta inputatuak izan ziren eta hamabost baino gehiago zaurituak. Orden publikoa urratzea, autoritateari men ez egitea, autoritateari eraso egitea, kalteak, lesioak eta irainak egozten dizkiete.

Manifestazioa ekimen politikoa zela eta horregatik erreprimitu, atxilotu eta epaituko dituztela salatu dute inputatutako sei lagunek. “Argi geratzen da markatutako margenetatik ateratzen garenon aurrean EHUren jarrera errepresio sistematikoa dela”, salatu dute, “azaroaren 24ko hauteskundeetako atxilotu eta inputatua, edo aurtengo San Mameseko 200 identifikatuak ditugu jarrera honen azken adibide argiak”.

Ikuspegi berdina dutela eta “borrokarako prest” daudela ziurtatu dute. Ikasleriari eta langile klaseari dei egin diete errepresioari elkartasunez erantzuteko eta autodefentsa mekanismoak garatzeko.