argia.eus
INPRIMATU
Leioako Gaztelueta ikastetxean sexu abusuak egin zituen irakasleari hamaika urtetik bi urtera jaitsi diote espetxe-zigorra
  • 2009 eta 2011 artean adin txikikoen aurka etengabeko sexu abusuak egin zituela frogatuta geratu den arren, Espainiako Auzitegi Gorenak ez ditu sententzia areagotzen zuten bi gertakari kontuan izan.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 29a
Gaztelueta Ikastetxea. Argazkia: Gaztelueta

Espainiako Auzitegi Gorenak azkenean bi urteko espetxe zigorra ezarri dio Opus Deiko Leioako Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi bati, 2009tik 2011ra adin txikiko ikasle bati sexu abusu jarraituak egitea leporatuta. Irakasleak erasotuarengana hurreratzea galarazita izango du lau urtean, eta hauteskundeetara aurkezteko inhabilitazioa izanen du zigorra indarrean den bitartean.

Hala, Gorenak bederatzi urte jaitsi du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 2018ko azaroan igorritako epaia. Berez hamaika urteko kartzela zigorra jarri zioten, Opuseko irakasleak bere bulegoan egindako bost sexu abusuren ondorioz. Gorenak, ordea, zera uste du: Bizkaiko Lurralde Auzitegiak biktimari “gehiegizko sinesgarritasuna” eman ziola. Sententzia hura akusazioaren perituek emandako testigantzan oinarritu zen.

Perituen testigantzak sententzia gogortzen zuten bi gertakari jasotzen zituen. Sexu abusuak jasan zituenean hamabost urte zituen biktimak 19 urterekin aitortu zuen eraso sexualak ordurarte esandakoa baino larriagoak izan zirela. Auzitegi Gorenaren aburuz, ez da erasook benetan gertatu zirela baieztatzeko frogarik, eta espetxealdia bederatzi urte luzatuko lukeen sententziarako perituen testigantza ontzat hartzeak akusatuaren “errugabetasun-presuntzioa” urratzea dakar.