argia.eus
INPRIMATU
Leioako campuseko Euskara Mugimendua aurkeztu dute
  • 'Martxoa Euskaraz' izeneko dinamikarekin aurkeztu dute taldea. Egoera ezberdinak dira ikasleak Euskararen aldeko talde hau sortzera bultzatu dituztenak. Manifestazioa egingo dute martxoaren 30ean.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko martxoaren 03a
Argazkia: topatu.eus.

Euskal Herriko Unibertsitatean ematen diren egoera ezberdinak bultzatu dituztela talde hau sortzera adierazi dute: graduak %100 euskaraz ikasteko ezintasuna, EHUk euskararen normalizazio-prozesuan duen jarrera eta ikasle-bizitza euskaraz egiteko ezintasuna, besteak beste.

Dinamika honetan hitzaldi, eztabaida eta dokumentalen proiekzioak emateaz gain, hainbat konpromiso hartuko dituzte. Txapa bat eramango dute hilabete osoan zehar; honela, mintzatzen den edozeinek (ikasle, irakasle, langile...), jakingo du txapa daraman pertsona orok ondorengo konpromisoak hartuak dituela: euskaraz dakien ororekin euskara hutsean hitz egin, bakoitzaren ingurunean eragin jendeak euskara hitz egin dezan, eta EHUren zerbitzuetan (kafetegi, denda...) euskara hutsean jardun.

Gainera, bizi duten egoera salatzeko sinadurak jasoko dituzte ikasle, funtzionario eta langileen artean EHUri aldarrikatzeko, besteak beste, gradu guztiak euskaraz nahi dituztela, zerbitzuetan euskaraz jasotzea nahi dutela eta EHU Euskal Herriaren euskalduntze prozesuan eragile aktiboa izan behar dela.

Dinamikari amaiera emateko manifestazioa egingo dute martxoaren 30ean.

Albiste hau topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.