argia.eus
INPRIMATU
Leioako campusean gailu su-eragile batekin egindako erasoa gaitzetsi du EHUk
  • Euskal Herriko Unibertsitateak agiri baten bitartez azaldu duenez, ezezagun batzuek eraso egin diote Gizarte eta Komunikazioa Zientzien Fakultateko dekanotzari, Leioako campusean. Ondorioz, langile bat artatu behar izan dute. Unibertsitateak gogor gaitzetsi du erasoa eta elkarretaratzera deitu du biharko, martxoak 15, fakultate ondoko Mikel Laboa plazan.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 14a
Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea (Arg.: Xabier CaƱas)

Agiriak dioenez, goizeko 10:00ak aldera aurpegiak estalita zeuzkan pertsona talde pintadak egiten hasi da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko barru nahiz kanpoko aldean, hala nola campuseko beste zenbait lekutan. Ondoren, 13:15ean, fakultateko dekanotzan sartu eta gailu su-eragilea bota dute. Gailuaren eztandaren ondorioz, langile batek kaltea izan du tinpanoan, eta zerbitzu medikuek artatu behar izan dute. Dekanotza hustu eta langileak kanpora atera dituzte, segurtasunagatik.

EHUk gertakariak gaitzetsi du. “Inork ez dauka unibertsitate bizitza bortizkeriaz asaldatzeko eskubiderik; are gutxiago ondare publikoak hondatzeko, eta are gutxiago ere langileen segurtasun fisikoa arriskuan jartzeko”, adierazi dute. Unibertsitateko arduradunek  erasoaren aurkako elkarretaratzera deitu dute bihar, martxoak 15, campus barruko Mikel Laboa plazan, 13:00etatik aurrera.