argia.eus
INPRIMATU
Leioako bostak ez dituzte espetxeratuko, fiskaltzak haien aurkako zigor eskaera jaitsi ostean
  • Orain arte bi kideren aurka hamazazpina urteko espetxe zigorra eskatzen zuen, beste biren aurka bina urtekoa eta azkenaren aurka urte eta erdikoa. Gaurko epaiketan, ordea, lauren kontra urtebeteko zigorra eta bosgarrenarentzat urte erdikoa eskatu du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 27a
Elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean, auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko. Ertzaintzak sei pertsona identifikatu ditu. (Argazkia: Gedar)

Leioako bostek ez dute espetxera joan beharko. Asteazkenean izan da auzipetuen kontrako epaiketa, eta fiskaltzak jaitsi egin ditu zigor eskaerak. Lau kideren kontrako urtebeteko zigorra eskatu du desordena publikoa egotzita, eta bosgarrenarentzat urte erdikoa, atentatua egitea leporatuta. Epaiaren zain daude orain.

Bilboko Justizia Jauregian izan da epaiketa, eta Leioako bosten askatasuna aldarrikatzera hurbildu dira dozenaka lagun. Horietako sei identifikatu eta atxikita eduki ditu Ertzaintzak; dirudienez, irudiak grabatzeagatik.

Hala ere, "eskubide politikoen aurkako erasoa" salatu dute: "Zazpi urte baino gehiago eduki gaituzte prozesu judizial honekin, zigor eskaera izugarriak egin zituzten duela urtebete baino gehiago, eta denbora asko eman dugu kartzelara sartzeko arriskua gainean geneukala".

Plataformak azpimarratu du errepresioa salatzen zuen mobilizazio batean parte hartzeagatik zigortu dituztela. "Estatu kapitalistak militantzia politikoa eta protestarako eskubidea modu errepresiboan zigortzen ditu, eta gobernu ustez aurrerakoiek ere errezeta errepresibo bera erabiltzen dute".

Leioako bostetako Ander Mazkiaran eta Olast Arrizibita elkarrizketatu zituen Mikel Eizagirrek ARGIAn. Bertan azpimarratu zuten salatzen ari zirena ez zela zigor eskaerak "basakeria" zirela, baizik eta prozesu judizialari berari kendu nahi ziotela zilegitasuna. "Zigorrak txikiagoak balira ere, izaera politikoa ikusten diogu epaiketa honi. Militantzia politikoaren zilegitasuna defendatu behar dela uste dugu, inolako baldintzarik gabe". Azaldu zuten kasu askotan zigor-eskaerak izugarri puzten dituztela, gero xantaia egin eta auzipetuek "xumeagoak" diruditen zigorrak onartzeko.