argia.eus
INPRIMATU
Getariako tabernak ikertzen ari da Leiharen Euskal Agintaritza, ustez prezioak igotzea adostean eginiko irregulartasunengatik
  • Leiharen Euskal Agintaritza Getariako taberna eta jatetxeak ikertzen ari da, pandemiatik irtetean prezioak igotzea adostean konpetentziaren erregimena urratu zutelakoan. 18 hilabete ditu elkartea zigortu ala ez erabakitzeko. El Diarioko Belén Ferrerasek eman du isilpeko txostenaren berri.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 02a
Sos herritarrak prezioen igoeragatik boikota egiten. Argazkia: Sos herritarrak.

Getariako ostalarien elkarte Getabat ikertzen ari da Leiharen Euskal Agintaritza  2021eko urte amaierako prezio igoera adostua izan zelakoan. Txostena maiatzean ireki zuten, taberna guztiek batera igo zituztelako produktuen prezioak.

Leiharen Euskal Agintaritzaren webgunearen arabera, erakundeak ofizioz hasi du ikerketa. El Diariok jakinarazi duenez ordea, getariar batek jarritako salaketa anonimo bat egon da, ohiko bezeroei kalte egin dielako.

ARGIAn, Nortzuek helduko diote estatxari, getariarrek ala turistek? erreportajean jorratu zuen Leire Artolak gaia. Bertan irakurri daitekeenez, herriko gazteek protestak egin zituzten prezioen igoeraren aurrean. Boikota egin zieten tabernei, prezioak jaitsi arte bertan ez zutela kontsumituko ziurtatuz. Horren aurrean Gebatek adierazi zuen boikotak egoera “desatsegina” eragin zuela: "Bakoitza libre da norbere aldarrikapenak egiteko, baina kasu batzuetan aldarrikapenak egiteko formak harritu gaitu".

El Diariok informatu duenez, prezioen igoera ez da beste herri batzuetan tabernek eginikoa baino handiagoa, baina arazoa litzateke herriko ostatuek –gehienek, batzuek kanpoan geratu baitziren– batera egitea adostea, horrela konpetentzia urratuz, eta horixe litzateke frogatu badaiteke Leiharen Euskal Agintaritzak zigortzeko irregulartasuna.