argia.eus
INPRIMATU
Lehortearen Mahaia aktibatu dute Nafarroan
  • 2012an deitu zuten azken aldiz Lehortearen Mahaia. Euririk egiten ez duela-eta, Landa Garapenak martxan jarri du berriz, sektorearekin diagnostiko bateratua egin eta prezipitazio faltaren bilakaera eta ondorioak jarraitzeko.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 13a

Bileran, ekoizpen-sektore ezberdinetan lehortearen inpaktua ebaluatzeko txostenaren berri eman dute. Horrez gain, nekazaritza-sektoreak eta, batez ere, abeltzaintzak bizi duen egoera zailari aurre egiteko 6 milioi euro jarriko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak. “Neurria batez ere abeltzaintza-sektorearentzat izango da, larrerik gabe geratzeagatik gehien sufritzen ari baita; horri pentsuen kostuaren igoera ere gehitu behar zaio Ukrainako gerra dela-eta, kostu energetikoen igoerarekin batera”, adierazi du Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak.

Urtegiak, gutxieneko historikoetan

INTIAri agindutako txostenean aztertu dituzte bazka-artoa, ekilorea, almendrondoa, mahastia eta olibadia. Jasotako datuen arabera, bazka-artoaren uzta %44 inguru murriztu dela uste da, zerealarena batez beste %22 jaitsi da, ekilorearen uzta %28 inguru, almendrondoarena %60 inguru, eta olibadiaren uzta %10-15 murriztu da.

Urtegiei eta ureztaketei dagokienez, maiatza-ekaina-uztaila hilabeteetan pilatutako ekarpenak gutxieneko historikoetan daude 1980az geroztik. Aragoiko eta Arbako arroak larrialdian sartu dira.

Bileran izan dira Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomez; Nekazaritza eta Abeltzaintzako eta Landa Garapeneko zuzendari nagusiak; INTIA sozietate publikoko kudeatzailea; eta UAGN, EHNE, UCAN eta ALINAR erakundeetako ordezkariak.

Lehortearen Mahaiak asmoa du aktibo jarraitzeko, egoeraren segimendua egitea xede.