argia.eus
INPRIMATU
Lehia gatazka denean

Mikel Aramendi 2024ko martxoaren 12a
Argazkia: EFE / S. Thew

Oharkabean pasatu da Joe Biden presidenteak Kongresuaren eta Senatuaren aurrean irakurri eta bere aldekoek gogoangarritzat txalotu duten 2024ko Batasunaren Egoeraren hitzaldian. Hain oharkabean ezen aurkariek eta hedabideek ere apenas hartu baitute aintzat; eta ez da Bidenen adierazpen-nahasmenduen zerrenda gero eta luzeagoan gehitu, oraingoz behintzat.

Baina gaia halakoa izanik, Etxe Zuriko prentsa-zerbitzuek nahiago izan dute hitzaldiaren idatzizko argitalpenean zuzenketa egitea: "I want competition with China, not conflict. And we're in a stronger position to win the conflict [competition] of the 21st century against China than anyone else for that matter — than at any time as well". Horrela irakurrita, benetako zalantza sortzen zaio bati ea zer ote zioen benetan Bidenek irakurri zuen originalak; alegia, irristada, irakurlearena ala idazlearena izan ote zen.

Baina ez dago loa galdu beharrik. Txinarekiko "lehia" eta "gatazka" sinonimo hutsak dira AEBetako barne-politikagintza ez beste edozertarako. Eta, zalantza izpirik gabe, halaxe aditzen dira biak ala biak Beijingen. "Gerra Hotzaren garaiko pentsamoldea" deitu ohi diote han, perifrasia eginez. Bidenek bere hitzaldian gaiari esleitu ziona adituta, motz samar geratu da.

Dulles anaien garaiak gogorarazi ez ezik gainditu ere egin ditzaketenek aurkitzen hasi baikara AEBetako agerkari ofizialetan ere. Edozein ateraldik balio du etsaiaren aurkako propagandarako (gehiegitxo litzateke "gerra kognitiboaz" hitz egitea), eta bost axola dio errealitateak.

Errealitate horren osagai nagusietako bat da, ordea, "orkestra" horren zuzendaritzan gero eta nabariagoa den anabasa. Munduko bi potentzia nagusien harremanaren azken urtebeteko balantzearen konklusioa baita krisia ez datzala Wang Yi betierekoaren manupean, baizik Blinken jaunaren Estatu Idazkaritzan.

"Globoaren krisia" sutu zuen/ziotenetik (berak jakingo du zergatik; besteok, susmoak ditugu gehienera), Blinkenen Estatu Idazkaritza gatazka-gune bihurtu dela bistakoa da. Lehendabizi, Wendy Sherman bere bigarrenak (eta Asia Ekialdeari buruzko benetako adituak) utzi zuen kargua, erretiroa hartzeko adina aspaldi samar beteta zegoela ohartu zenean edo. Ematen zuen, dendaostean, Victoria Nuland (aka) "Fuck Europe" zalapartariak irabazi ziola lehia AEBen kanpo-politikaren ildoak erabakitzeko. Baina ez, hura ere erretiratzear dugu, agidanez; eta, oraingoz, Kurt Campbell-ek irabarazi duela lehia ematen du.

"Txina gehien gorrotatzen duenak" nagusitu zaiola "Errusia gehien gorrotatzen duenari" ondorioztatu dute batzuek.

Beti bezala, irakurketa tolesgabeena (eta, agian, zuzenena) egiten ari dira ekuazioaren beste muturrean.