Okupazioa eraldaketarako erreminta bezala aldarrikatu dute, kriminalizazioari, espazio okupatuen aurkako erasoei eta krisi ekonomikoari erantzuteko. Maiatzaren 15ean emango diote amaiera dinamikari, manifestazio batekin.
Errekaleor auzo okupatuak, Gazte Emantzipazio Sareak, Talka okupazioaren aldeko eragile feministak, Auzolana pilotalekuak, Sumendik eta Gaztetxeak prentsaurrekoa eman dute ostegun goizean. Azken asteetan Gasteizko hormetan margotuta agertu diren zenbakien zentzua argitu dute hasteko: zenbaki bakoitzari alfabetoan dagokion hizkia emanez, “okupazioa” hitza osatzen da.
Etxebizitza eskubidea zertan den azaltzeko hainbat datu eman dituzte Lehertu Gasteiz dinamikako kideek. Ziurtatu dutenez, Gasteizen 115.367 etxebizitza daude, horietarik 9.470 hutsik, eta beste 2.200 salgai: hamar etxebizitzatik bat hutsik, batetik, bi gasteiztarreko etxebizitza bat. “Bien bitartean, eta nahiz eta gure egunerokotasuna hankaz gora jarri duen pandemia baten erdian egon, desalojoak, etxe hutsak, prezioen gorakadak, espekulazioa... etengabekoak dira”.
Krisiaren “aitzakian” langile klasea pobretzen ari dela salatu dute, kapitalismoak etxebizitza eskubidearekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean okupazioaren alde egingo dutela ziurtatuz. “Okupazioa langile klaseak dugun tresna da. Etxebizitza ordaintzerik ez dugunean (soldata baxuak, langabezia, lan prekarioenak...), hau berreskuratzeko balio dezakeen tresna. Inork ez du kalean bizitzea merezi. Inork ere ez. Eta instituzioek bermatzen ez dutena, guk bermatu behar dugu”.
Kriminalizazioa eta erasoak
Okupazioaren aldeko mugimenduek kriminalizazio kanpaina bat abiatu dela uste dute, legea gogortzean edo kanpaina mediatikoetan islatzen dena. “Gu geu, langileria, okupazioaren biktimak izan gaitezkeela diote, ogia erostera irten eta bueltan etxea gal dezakegula”.
Osasun krisia piztu zenetik Gasteizko Udalak eta Udaltzaingoak espazio okupatuen aurka burutu dituen erasoak ere izan dituzte gogoan –Gaztetxearen itxiera saiakera, Talkaren desalojoa, etxegabetzeak...–. “Argi diogu erasotzen duten espazio bakoitza defendatuko dugula, eta desalojo bakoitzaren ondoren, okupazio berri bat, eta beste bat, eta beste bat... etorriko dela”.
Dinamika maiatza bitarte
Espazio okupatuen defentsa egiteko eta okupazioa borrokarako erreminta gisa hauspotu asmoz elkartu dira sei mugimenduak Lehertu Gasteiz dinamikan. Momentuz dinamikari amaiera emango dion manifestazioaren berri eman dute soilik, maiatzaren 15ean egingo dutena. Bitarterako beste hainbat ekimen prestatuak dituztela iragarri dute, aurrerago jakinaraziko dituztenak.
Okupazioaren aldeko "Lehertu Gasteiz" dinamika aurkeztu dute Sumendik, GESek, Gaztetxeak, Talkak, Errekaleorrek eta Auzolana pilotalekuak.#LehertuGasteiz
Aitorrek eta Amaiak laburbildu digute ekimena: pic.twitter.com/x19IKeW6St
— Zigor Oleaga (@zoleaga1) March 18, 2021