argia.eus
INPRIMATU
Leherketa izan da Frantziako Flamanville zentral nuklearrean
  • Ostegunean 10:00ak inguruan, leherketa izan da Frantziako Flamanville zentral nuklearrean, Ouest France egunkariak informatu duenez. Zaurituak daudela informatu dute hedabide lokalek, nahiz eta datu askorik ez den.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 09a

Zentralaren jabe den ED konpainiak Twitterrez zehaztu du leherketa bat gertatu dela lehen erreaktorearen makinetan, "eremu ez nuklearrean", eta suhiltzaileek berretsi dutela surik ez dagoela bertan. Lehen erreaktorea sare elektrikotik berezi dute.

Bi erreaktore daude martxan, bata 1986tik eta bestea 1987tik. Hirugarren bat eraikitzen ari dira 2007tik, 2018an martxan jartzeko. Hasiera batean zabaldu da hirugarren honetan izan dela leherketa, baina ez, lehenengoan izan da. Agintariek esan dute ez dagoela arrisku nuklearrik.

Eguerdiko 12:00etan oraindik suhiltzaileak kontrolatu nahian ari ziren zentralean piztutako garrak. Agintariek jakinarazi dute istripuaren ondorioz dagoenekoz martxan dauden bi erreaktoreetako bat geldiarazi egin dutela.

Flamanvilleko zentrala da Frantziako industriaren ikurra azken urteotan, bertan eraikitzen ari diren 3. erreaktorerako iragarri baitziren belaunaldi berriko erreaktoreen hobekuntzak. Baina hirugarren erreaktore honen eraikuntza istripu eta ezustekoz betetako gurutze bidea bilakatu da.

Flamanville Normandian dago, Cherbourg hiritik hurbil.

Flamanville Normandian dago. (Mapa: Wikipedia)