Kontinente zaharrak gerra komertziala plantatu dio Txinari, auto elektrikoen merkatu europarra porrot historiko eta irrigarri izatetik gertu dagoelako. Txinatarren errua omen, kotxe elektriko europarrak bi aldiz garestiago izatea haienekin alderatuta. Min egiten dietena da hemengo jendea, KM.0-ko kotxeak erosi beharrean –ez direla erabat bertakoak ere, e, pieza ugari Txinan egiten baitira–, Txinakoak ari dela eskatzen. Kalitate aldetik, inork ez du zalantzarik egiten alde handirik dagoenik, baina bertakoa erosteko... Bertakoa, hain dago modan, Europak ere horixe esaten digula, bertakoaren alde egiteko.
Txinak tranpa egiten omen du. Gehiegizko laguntzak ematen ei dizkie haien enpresei, munduan beste inork baino merkeago saldu ahal ditzaten haien kotxe elektriko berritzaileak. Eta hori da tranpa. “Publikoaren eta pribatuaren arteko kolaborazioa”, horrek bero-bero eta tentel ipintzen ditu, bada, hemengo agintariak. Baina atzerrian hori egitea tranpa da.
Ez naiz sartuko esatera gehiegizkoa den ala ez, baina ez dago hemerotekan atzera asko egin beharrik ohartzeko Alemaniak orain dela hilabete gutxira arte horixe bera egiten zuela. Eta hori ez zen tranpa. Hori zen estrategia. Alemaniako zenbait enpresak EBko estatukideek baino %40 merkeago saldu ahal zituen bere kotxe elektrikoak eta kito. Orain, ordea, Txinarena iruzurra da. Ez da izango, bada, Alemaniako auto-salmentak ia %70 jausi direla laguntzak kendu zirenetik...
Txinarena tranpa delako, muga-zergak ipini dizkie Europako Batzordeak auto elektriko txinatarrei. Zenbait kasutan %45erainokoak. Eta asko da hori, izugarri. Ondorio ekonomiko larria izango du herritarren poltsikoetan, prezio guztiek gora egingo dutelako, zer eta Europako ekonomia suspertzearen izenean. Alegia, prezio lehiakorra zuen auto elektrikoa erosi beharrean, bikoitza balio duena erosteko; elektrikoa erosi beharrean, jendeak dieselaren alde egiteko. Beste hitz batzuetan esan nahi baita klima larrialdiaren “erronkari” geroago eutsiko diola Europak, ekonomia berrartzen duenean.
Lehenbizi gauza inportanteak. Pausa eman trantsizio energetikoari, eta argi berdea ekonomia berrezartzeari. Make Europe Great Again.
Eta Make Bilbao Great Again. Iragarri berri digute Bilbo eta New York arteko hegazkin linea zuzena... eta ez, espresuki, Kirmen Uriberen nobela serioegi leitu duelako nonork uda honetan. Hotelak gustura, taxiak falta zaizkigu orain, hori diosku gaueroko teleberriak. Kotxeak, kotxeak eta kotxeak. New Yorkera beharrean, argi dago nora doan linea zuzena.