argia.eus
INPRIMATU
Lehentasunak diru publikoaren banaketan
  • Abenduaren 2an izan genuen 6 milioi euroen deialdiaren ebazpenaren berri. Bigarrenez atera du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak deialdi hori. 6 milioi euro baldintza ezin hobeetan: ez da ezer justifikatu beharrik, berdin du dirua irabazi eta akziodunen artean irabaziak banatzen badituzu ere… Eskubidea izango duzu deialdi honetan parte hartzeko. Hori bai, CIES enpresari ordaindu beharko diozu, CIESeko azterketan agertzeko.

Bego Zuza @bzuza 2022ko abenduaren 16a

Bigarren urtea da ezohiko deialdi hau ateratzen dena. Aurrekoan, 5 milioikoa izan zen, eta aurten 6 milioikoa (%20ko hazkundea). Aldiz, euskal hedabideetako deialdirako, Euskarazko Hedabideen Hekimen elkartetik eman ditugun hiru urtetako negoziazioen ondoren %5eko hazkundea baino ez dugu lortu, eta kopuru horrek ez du lortu hedabide guztioi igoera hori aplikatzea ere.

Deialdi honetan gauza xelebre batzuk gertatzen dira: deialdia zabaldu egin da zenbait irrati eta telebistetara, baita hedabide digitaletara ere, baina hazkunde horrek ekarri du denera 452.012,38 euro banatu direla hamar hedabide berrien artean, eta beste 550.000 euroak baliatu direla hobetzeko batez ere El Correo, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Álava, SER irratia edo Nervion irrati kateak iaz jasotako dirua.

Zein izan dira aurtengoan dirua banatzeko baldintzak? Sinpleak oso: bost langile baino gehiagoko erakundea izatea, eguneroko informazioa ematea, eta CIESen azterketan parte hartzen duten hedabideak izatea.

CIESen araberako datuak izan dituzte kontuan diru banaketa egiteko, baina, berdina al da gaztelaniaz argitaratzen duen egunkari batek duen irakurle potentziala, edo euskara hutsez argitaratzen duenarena? Berdin balio dute? Oso unibertso ezberdinetan mugitzen gara gaztelaniaz aritzen diren komunikabideak eta euskarazkoak; zenbat balio du euskarazko irakurle batek, gure unibertsoan? Jaurlaritzak ez al du kontutan hartu behar euskara hizkuntza gutxitua dela? Errealitate horri benetan erantzuten al diote CIESen datuek? Kasu deigarriak daude: El Correok (2021eko CIESeko papera + internet datuen arabera), lehen olatutik bigarren olatura 61.000 irakurle galduta ere, dirutan %10,85 gehiago jaso du. 2021ean 637.000 irakurle zituen CIESen arabera eta horren truke 1.608.716,91 euro jaso zituen, eta 2022an, 576.000 irakurlerekin, 1.783.281,73 euro jaso ditu.

Borondate politikoak eragiten du zein doan aurrera, zein atzera, eta zein gelditzen den irteera-parrilan, beti egoera aldatuko den zain. Eta sentsazio hori da gaur nagusitzen dena

Zaila da irakurketa lasai bat egitea. Gaztelaniaz argitaratzen duten egunkari horiek hartzen baitituzte, gainera, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko foru eta udal nagusietako publizitate partida handienak, eta lasaitasuna eskatzen diozu zure buruari, informazioa modu zabal eta garbienean emateko irakurleei, baina nola utzi amorrua almohadaren azpian?

Bueltan-bueltan betikora iristen gara: borondate politikoak eragiten du zein doan aurrera, zein atzera, eta zein gelditzen den irteera-parrilan, beti egoera aldatuko den zain. Eta sentsazio hori da gaur nagusitzen dena. Borondate ona ikusi dugu azken urte hauetan Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ordezkariekin, baina gero horrelako deialdi berezi batek erabat deskolokatzen gaitu, eta berriro agerian gelditzen da zein diren gobernu honek dituen lehentasunak. Herri batek irakurle kritikoak edukitzeko, hedabide ezberdinak eta askotarikoak edukitzea ona da, baina ezin da lasterketa bera egin, hain baldintza ezberdinetan.

Bai, “irrelebanteak” gara batzuentzat –halakoak entzun behar izaten ditugu Jaurlaritzako korridoreetan–, baina ez gutxietsi euskal prentsak dituen euskal harpide eta kideak. Haiek, garai zailetan bezala, beren diru ekarpenekin ari dira sektore hau mantentzen. Dirulaguntzak jasotzen ditugu, bai, baldintza fiskalizatuetan, auditoriak urtero eginez… Sei milioiko dirulaguntza berezi horrek erakusten du baita ere borondate politikoa izanez gero aukera asko daudela, eta zurruntasunetik atera eta benetako apustuak egiteko aukerak badaudela.

Bitartean, aurrera egingo dugu.