Lehengo lepotik burua


2024ko ekainaren 28an - 10:43
Azken eguneraketa: 11:47

Gobernu eraketa berriak galdera asko utzi ditu erantzun gabe, baina argi dago berriro ere irmotasunez jokatu beharko dugula Euskal Eskola Publikoaren alde egiteko. Alderdi berak gobernatuko badu ere, aurpegi berriak izango genituela esan zitzaigun, baina hori ere ez da guztiz egia izan.

Azken lau urteetan izan dugun sailburuordea izango dugu sailburu orain, horrek alde on zein txarrak ditu. Batetik, egokitzapena errazagoa izango da; bestetik, ordea, ezaguna dugu sailburutza horren eraginkortasun maila zein mugatua izan den orain arte. Azken lau urteetan izan dugun Hezkuntza Sailak ez du lan hitzarmen bat sinatzeko benetako borondaterik adierazi sektore bakar batean ere. Datu hori larria da kontuan izanik izendatu zituztenean hori izan zela haien helburu nagusia, edo hori jakinarazi ziguten gutxienez.

Steilas sindikatuaren borondatearen truke, Hezkuntza Sailarena ere espero dugu behingoz Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean jartzeko

Hezkuntza Sail honen ondarea hezkuntza politikari dagokionez, titulartasun publikoa ez duten ikastetxeak babesteko sortu zen lege bat onartzea izan da. Ez dezagun ahaztu haien gobernukideek soilik babestu zutela lege hori eta hauteskunde kanpainan inork ez duela aipatu nahi izan. Ez dakigu, beraz, norentzat izan den arrakastatsua. Inondik inora ez da lege ona izan eskola publikoarentzat, eta ez da gure gizarteak hainbeste behar duen berdintasuna, kohesioa eta euskalduntzea bermatuko dituen legea izan.

Langileen lan baldintzei dagokienez, ondarea ere oso kaxkarra da. Hezkuntza legearen aurkako ahotsak isilarazteko asmoarekin eta mahai negoziatzailetik at, Arantzazun eta bi sindikaturen sinadurekin soilik, hezkuntza sistemako langile guztien baldintzak hobetuko zituen zehaztasunik gabeko eta loteslea ez zen akordio bat sinatzea lortu zuten. Itxuraz haratago akordio horrek ez du etekinik eman, mahai sektorialetan ez baita benetako akordiorik lortu.

Steilasetik beti bezala borondate on guztia jarriko dugu eta beti egongo gara sailburuarekin biltzeko prest. Hala ere, sindikatuaren borondatearen truke, haiena ere espero dugu behingoz Euskal Eskola Publikoa hezkuntza sistemaren erdigunean jartzeko. Horrekin batera sistemaren termometro diren langileen lan baldintzak duintzeko negoziazio errealak egotea espero dugu. Hori gertatu ezean, ez dugu zertan kortesiazko 100 egun itxaron, etxeko lan asko gelditu baitira egin gabe, beraz, ikasturte hasieratik ekingo diogu hezkuntzako langileen lan baldintzen eta Euskal Eskola Publikoaren aldeko borrokari.

Haizea Arbide Aza eta Yolanda Porres Garcia, Steilas sindikatua

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Eguneraketa berriak daude