argia.eus
INPRIMATU
Lehendakariaren prentsa arduradunak dimititu du, inputatua izan ostean
  • Eusko Jaurlaritzak “Noticias” taldeko hedabideei egindako ustezko ordainketengatik inputatu dute lehendakariaren komunikazio zuzendari Iñaki Bernardo. “Momentuz” kargua uztea erabaki du, otsailean epailearen aurrean deklaratu arte.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko urriaren 15
Informazio ordainduen kasuak Eusko Jaurlaritza zipriztindu du

Kasuaren pizgarria Gorka Manerio UPDko legebiltzarkideak jarritako salaketa izan da. Maneiroren arabera, Jaurlaritzak 230.000 euro inguru ordaindu dizkie "bere inguruko" hedabideei –salaketan Noticias taldeko Deia, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava eta Onda Vasca aipatzen dira– haren aldeko informazioak argitaratzearren. Bere esanetan, Jaurlaritzak diru hori publizitatea argitaratzeko ordaindu zien, baina ordaindutakoa ez zen publizitate bezala agertu, “albiste moduan baizik” –elkarrizketa, erreportaje eta mahai inguruak aipatzen ditu–.

Gasteizko Instrukzio Epaitegiko magistratuak bere autoan azaldu du salaturiko jazoeren atzean diru publikoaren erabilera okerra, kontratazio iruzurra eta prebarikazio delituak egon litezkeela. Bestalde, epaileak Jaurlaritzari eginiko ordainketei buruzko froga dokumentalak eskatu dizkio. 

Autoan Segurtasun, Enplegu, Hezkuntza, Justizia, Ingurumen eta Administrazio departamentuak aipatzen dira, baina Maneiroren esanetan, “beste sail batzuk ere inplikaturik daude”. Legebiltzarkidearen aburuz, Jaurlaritzak diru publikoa bere ildoko hedabideei ordaintzeko erabiltzea “oso larria” da. “Klientelismoaren, lagunkeriaren eta ustelkeriaren borrokan ez gaituzte geldituko”, baieztatu du.

Jaurlaritzak Bernardoren jokamoldea goraipatu du

Epaileak esan du Bernardo erruduntzat jotzeko oraindik ez dagoela “zantzu nabarmenik”. Gobernuko iturriek adierazi dute momentuz “UPDren salaketa bat besterik" ez dela. Horrez gain, Bernardoren portaera goraipatu dute. Euren esanetan, ez zegoen dimititzera beharturik, baina “higiene politiko eta demokratikoagatik” hala egitea erabaki du.

Iñigo Urkulluk, bere aldetik, ukatu egin du “Noticias” taldeko komunikabideei faborezko tratua eman izana eta, era berean, ordainpeko informazio horiek etekin politikoa erdiesteko erabili izana. Zernahi ere, Natalia Gonzalez de Uriartek El Diario kazetan azaldu duenez, Urkulluk onartua du Noticias taldeko hainbat hedabideri 41.500 euro ordaindu dizkietela eta kontratu horiek “zer hobetua” dutela. Ordainketa horietan azkena Gobernuaren Enplegu sailak Deiari bi orriko erreportaje baten truk eginiko 3.500 euroko pagamendua litzateke.