argia.eus
INPRIMATU
“Lehendakari, hauteskundeetara deituko dut”
  • Egun erabakigarria izan zen urriaren 26a Kataluniako prozesu subiranistarentzat. Carles  Puigdemonti “traidore” deitzetik txalo egitera pasa ziren herritar ugari. Baina zer pasa zen ostegun hartan? Enric Juliana La Vanguardiako kazetariak artikulu batean azaldu du bere iturriek jakinarazitakoa.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 06a

“Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzea erabaki dut. Soilik nik hartu dezakedan erabaki bat da, Senatuak 155. artikuluaren aplikazioa aktibatzea onartu aurretik. Ez da gehien gustatzen zaidan erabakia, baina egoerak hala eskatzen du…”.

Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak urriaren 26rako prestatu zituen hitzak dira aurrekoak. Prestatu arren erabili ez zituenak. Goizeko 10ak eta 11ak artean Iñigo Urkullu Lehendakariari jakinarazi zion eguerdiko 12etan deitu zuen prentsaurrekoan egingo zuen diskurtsoa. Ez zen Urkullurekin hitz egiten zuen aurreneko aldia. Urkullu izan baitzen hauteskundeak deitzeko erabakia hartu zezan Puigdemont konbentzitu zuen aktore garrantzitsuenetakoa, Julianaren arabera.

Helburua 155. artikuluaren aplikazioa ekiditea zen. Erabakia hartuta zeukan. Eguerdian Ajuria Eneari konfirmatu zionez hauteskundeetara deituko zuen, dekretuan erregimen elektoral orokorraren lege organikoa esplizituki aipatzen zuen eta beraz hauteskundeak Espainiako legediaren barruan deituko zituen. Urkulluk ostegun goizean adierazi zion erreferentzia hori oso garrantzitsua zela Mariano Rajoyren konpromisoa ez idatzia ziurtatzeko.

Urkulluk Puigdemonti ziurtatu zion hauteskundeetara deituta senatuan onartuko zen 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera utziko zuela Espainiako Gobernuak. “Pauso gradualak eman behar dira”, zioen Moncloa eta Pedro Sanchezekin etengabe harremanetan zegoen lehendakariak. Ajuria Enean Kataluniako enpresari talde eta profesional batzuekin egindako bileran finkatu zuten elkarrizketarako estrategia.

Eguerdiko 12ak iritsi ziren baina Puigdemont ez zen prentsaren aurrera atera. Denbora aurrera zihoan baina ez zegoen Kataluniako Presidentearen inguruko berririk. Sant Jaume plazan ehunka ikasle elkartu ziren “Puigdemont traidore!” oihu artean. Ordubete atzeratu zuten prentsaurrekoa.

CUPek urriaren 1eko mandatu demokratikoa betetzeko exijitu zion Puigdemonti eta kalera ateratzeko deia egin zuen. Zenbait herritar PDeCATen egoitzaren aurrean elkartu ziren. ERCk ere hauteskundeak deitu ezkero Kataluniako Gobernua utziko zuela jakinarazi zuen presazko kontseilu exekutiboaren ondoren.  PDeCATeko zenbait hautetsik berriz dimititu egingo zutela jakinarazi zuten.

Gabriel Rufian ERCko kideak txio batean laburtu zuen bere jarrera: “Zilarrezko 155 txanpon”. Judasi erreferentzia eginez. Eta Xavier Garcia Albiolek berriz, 155. artikulua graduatu bai, baina ez zela geratuko esan zuen.  

14ak aldera Puigdemontek Ajuria Eneari zera ohartarazi zion: “Altxamendu bat ematen ari da etxekoen artean, ezin dut hau jasan”. Ordutik aurrerakoa guztiok ezagutzen dugu.