argia.eus
INPRIMATU
The Skatalites eta Nathy Peluso kartelburu iraileko Atlantikaldia festibalean
  • Errenterian ospatuko da Atlantikaldia festibala irailaren 19tik 22ra. Aste honetan iragarri dituzte festibaleko kartelburuak: The Skatalites talde jamaikar beteranoa eta Nathy Peluso nabarmentzen dira, BIM Bénin International eta Abdul & The Gang-ekin batera.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 28a
Atlantikaldia festibaleko arduradunak eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegi jaialdiaren aurkezpenean.

Lehendakari Agirre plazan izango dira kontzertu horiek, irailaren 20an eta 21ean.

Baina Atlantikaldia musika jaialdi arrunta baino gehiago da, kartelburuak aurkezteko prentsaurrekoan nabarmendu dutenez. Kultur topagune izateko asmoz jaio zen eta horretarako, Atlantikaldiaren lehen edizioetatik egiten dira Itsas Elkarrizketak. 2017an, gainera, Itsas Topalekuak batu zitzaizkien eta iaz Itsas Korronteak. Denen baturak aurten Marea Biziak ekarriko ditu, itsasbeheran “oraindik ezagun ez diren sortzaile eta artistak bistaratzeko apustua” eta itsasgoran berriz, herri osoa musikaz eta kulturaz betez.

“Herriaren balioak barne hartzen” dituen jaialdia izateko asmoa du Atlantikaldiak. Besteak beste, herritarren parte-hartzeari garrantzia eman diote Ion Collar Kultura zinegotziaren arabera: “Kulturen eta hizkuntzn arteko elkarbizitza erraztea du helburu. Eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzen du, gure artean eta kultura ezberdinen artean”.

Herritarren aldetik proposamen “zaparrada ederra” jaso dutela adierazi du zinegotziak eta horrek Atlantikaldiaren programazioa osatu eta aberastu duela.

Aipatutako iraileko zitaz gain, Atlantikaldia dagoeneko murgilduta dago hainbat sorkuntza-prozesutan. Itsas Elkarrizketez gain, udalak, Etxepare Institutuak eta Dance Base Eskoziako dantza zentro nazionalak proiektu bat sustatu dute elkarlanean, Atlantik 1050, dagoeneko martxan dena.

Dagoeneko martxan dagoen lanaren beste erakusgarri bat irailaren 19an ikusi ahal izango da: Oreka TX eta San Salvador taldeen elkarrizketatik abiatuta ikuskizun bat eskainiko dute, Niessen Kulturgunean bi taldeen egingo duten egonaldi artistikoaren emaitza dena, Iker Tolosa jaialdiko zuzendariak azaldu duenez.

Nogen musika taldeak egin du aurtengo edizioko kanta, Marean izenekoa. Eta jaialdia iragartzeko afixa berriz, Savanna Estudioko Arrate Rodriguez artista oreretarrak, Carlos Ndungmandum eta Daniel Delgadok egin dute elkarlean.