argia.eus
INPRIMATU
Lehen mailako eskola berria izango du Baiona Tipiak
  • Baiona Tipiko lehen mailako eskolak ateak itxiko ditu 2017 ikasturte hasieran, eraikina Bonnat Museoa handitzeko erabiliko baita. Eskolako gurasoekin hilabeteak hausnarrean eman ondoren, Herriko Etxeak egoerari irtenbidea ematea erdietsi du: eskola berri bat irekiko da Baiona Tipian, Ravignan kalean dagoen Medikoak peñaren eraikinean. Modu horretan, Kazeta.eus-ek jaso duenez, kultura eta hezkuntzaren aldeko politika bermatuko litzateke.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 13a
Eskola berriaren egoitza izango den Medikoak peñaren eraikina. (Arg: kazeta.eus)

Gurasoek hainbat alternatiba zituzten esku artean, haurrak Baiona Handiko ikastetxera lekualdatzea, kasurako. Azkenean, Medikoak peñaren eraikinean eskola berria eraikitzea hobetsi du Herriko Etxeak. Ikastetxeak 50 bat metro karratuko hiru gela, irakasleen gela, liburutegia eta aisialdirako espazioa izango ditu, besteren artean. Obrek guztira 1,3 milioi euroko kostua izanen dute. Eskolako guraso Laurent Loustalotek proiektua egokitzat jo du France Bleu irratian.

Haatik, bada hainbat gurasoren damua eragin duen arazo bat: eraikin berria egokitu baino lehen, eta behin Bonnat Museoaren obrak hasita direla, ikasleek egoitza modularretan egon beharko dute.

Bonnat Museoaren obrek bi urte inguru iraungo dute

Herriko Etxeak azaldu duenez, orain arte lehen mailako eskola izan denaren eraikinean Bonnat Museoak erreserbak sortuko ditu, obrak bertan gorde ahal izateko. Eraikinean harrera salak eta publikoaren arartekotasuna ziurtatzeko gelak ere sortuko dira. Obrak 2019rako amaituta egotea aurreikusten da.