argia.eus
INPRIMATU
Lehen Mailako Arreta murriztu ez dadin protesta deitu dute Araban ostegunerako
  • "Osasun-zentroek jasaten duten lan-karga onartezina ikusita, eta Osakidetzak ezarritako neurri berriak ikusita", Lehen Mailako Arretako Batzordeko sindikatuek dei egin diete Arabako osasun zentroetako langile guztiei, abenduaren 16an 13:00ean lantokien atarira irten daitezen: "Konponbidea ez da osasun zentroetan asistentziari murrizketak ezartzea, baizik eta giza-baliabideak eta azpiegiturak areagotzea COVIDaren seigarren olatu honek dakarren jarduera osasun zentroetatik kanpo egin dadin", adierazi dute.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 14a
2019ko ekainaren 17an, Arabako Lehen Arretak greba egin zuenean. Argazkia: Alea.

Honela azaldu dute anbulategietan bizi duten egoera, ESK-ren webgunean irakur daitekeenez: "Gaur egun, osasun-larrialdi berri honekin eta gora egiten ari den inzidentziarekin, Lehen Mailako Arretako langileek bere lanarekin jarraitzen dute aurretik zegoen langile kopuru doitu berberarekin, batzuetan, gutxiago. Salatzen ari garen bezala, osasun zentroetan aurretik egin ohi ziren lan-kargei, pandemiak eragindako karga berriak gehitu behar zaizkie, eta eragin handiko uneetan, gaur egungoa bezala, osasun-profesionalen agendak eta administrazio arloak gainkargatzen dira".

"Larriak ez diren" Lehen Mailako Arretako kontsultak etenda

Gotzone Sagarduy Osasun Sailburuak iragarri du “premia berezirik ez duten” Lehen Mailako Arretako kontsultak atzeratzeko erabakia. Honek eragina izango du gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen jarraipena egiteko ezintasunean, "eta horrela, areagotu egingo dira herritarren arteko osasun-desberdintasunak, bai eta itxarote-zerrendak ere".

Sindikatuek salatu dutenez, "Konponbidea ez da osasun zentroetan asistentziari murrizketak ezartzea, baizik eta giza-baliabideak eta azpiegiturak areagotzea Covidaren seigarren olatu honek dakarren jarduera osasun zentroetatik kanpo egin dadin, eta zentroek duela hilabete batzuetatik hona egin ezin duten osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko jarduerak garatu ahal izan dezaten".

LAB: "Badirudi helburua dela ordain dezaketen pazienteak sektore pribatura ihes egitera bultzatzea eta herri-klaseak bertan behera uztea"

LAB sindikatuak abenduaren 7an kaleratu zuen oharrean salatu zuen "Osakidetzaren arduragabekeriak ez duela mugarik": "Hilabete luzeetako pandemia-egoera egon eta 4.000 langile kaleratu ondoren, Sagardui sailburuak proposatzen duen konponbide bakarra lehen mailako arretan murrizketak egitea da".

Anbulategietako arreta larrialdientzat soilik murrizteak jende askok osasun pribatura jotzea dakarrela salatu du sindikatuak: "Badirudi Osasun Saila pandemiaz egiten ari den kudeaketaren helburua dela ordain dezaketen pazienteak sektore pribatura ihes egitera bultzatzea eta herri-klaseak bertan behera uztea".

Osasun unibertsala ez bermatzeak heriotza dakarrela adierazi du: "Osakidetzako kudeatzaileen arduragabekeriak disimulurik gabe erasotzen die EAEn bizi diren pertsona guztien osasunerako eskubideei, bereziki pertsona ahulenenei. Pandemiaren kudeaketa eta lehen mailako arretaren ahultze-estrategia argia kriminala da, Sailak bertan behera utzitako populazio-sektore osoekin".