argia.eus
INPRIMATU
Lehen Mailako Arreta, “kolapsora” bidean
  • Nafarroako Osasun Plataformak salatu du osasun sistema publikoa gainbeheran dagoela eta pribatizatzen ari dela.

Olaia L. Garaialde 2023ko abenduaren 15a
Irudian, duela hilabete batzuk kalitatezko osasun publikoaren alde hainbat udaletan aurkezturiko mozioaren agerraldia. Argazkia: Nafarroako Osasun Plataforma

Kalitatezko osasun publikoa sustatzeko Nafarroako Osasun Plataformako kideak Nafarroako Osasun kontseilariarekin bildu dira. Plataformako kideek nabarmendu dute osasun arloko langileen egonkortasuna bilatu, Landa Eremuko Larrialdi Zerbitzuak berregituratu eta Lehen Mailako Arreta sustatu behar direla: "Kolapsora bideratzen ari dira Lehen Mailako Arreta".

Plataformako kideek salatu dutenez, osasun aseguru pribatu bat duten biztanle kopurua %5 izatetik %10 izatera pasa da azken hamar urteetan: "Sektore publikoaren pertzepzio okerrak eta osasun publikoaren gainbeherak sektore pribatua indartzen dute". Horregatik, nabarmendu dute beharrezkoa dela kalitatezko Lehen Mailako Arreta eskaintzea: "Hamarkadak daramatzagu salatzen baliabide faltarengatik Lehen mailako Arreta gainbeheran doala".

Gaineratu dute osasun etxeetan hautematen dituzten ondoezen %40 tratamendu mediku-kirurgikoen bidez tratatzen dituztela, eta gainerakoak "gertutasunetik" eta egoera soziala kontuan hartuta lantzen dituztela: "Egoera sozialak; hala nola desberdintasun sozialek, lan egoerak, pobrezia energetikoak eta bestek osasunean ondorio zuzenak dituzte, eta osasun etxeak dira hori lantzeko biztanleekin harreman zuzena dutenak".

"Helburua da gizartearekin dugun harreman zuzena berreskuratzea eta orain arte egin diren lanak indartzea; hala nola prebentzioa, lan komunitarioa, prozesu kronikoen jarraipena eta beste"

"Nahitaezko" aldaketak

Horregatik, uste dute osasun sistema indartzeko Lehen Mailako Arretan "nahitaezko" aldaketak egin behar direla; adibidez, gizarte langileekin elkarlana indartu; erizainei garrantzi handiagoa eman, psikologoen eta fisioterapeuten presentzia handitu eta hitzorduen %80 aurrez aurrekoa izatea lortu. "Helburua da gizartearekin dugun harreman zuzena berreskuratzea eta orain arte egin diren lanak indartzea; hala nola prebentzioa, lan komunitarioa, prozesu kronikoen jarraipena eta beste", nabarmendu dute plataformako kideek.

Azkenik, "kalitatezko osasun publikoa" sortzeko sei urrats bete behar direla diote: osasun publikoa eta Lehen Mailako Arreta indartu; hitzarmen pribatuak eten; langileen egonkortasuna bermatu; zaharrei arreta emateko eredu publikoa sustatu; osasun arreta mentala berrantolatu eta indartu; eta Osasunari buruzko Foru Lege berri bat sortu.