argia.eus
INPRIMATU
Lehen Hezkuntzako ikasleek maskara jarri behar dute astelehenetik Ipar Euskal Herrian
  • Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 88 kutsatuetan dago Pirinio Atlantikoen Departamentuan. EAEn Gabonei begira neurri murriztaileak berrezartzea ez du baztertzen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 08a
Argazkia: Freepik

Geletan zein aire libreko espazioetan izan behar dute jantzita maskara Lehen Hezkuntzako Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta taldeen arteko nahasketak saihesteko neurriak hartuko dira. Urriaren 11n intzidentzia-tasa metatua 50etik jaitsi zen Pirinio Atlantikoetako Departamentuan, eta lehen arrisku mailara pasa zen Ipar Euskal Herria. Orain tasa 88an dago. Gorakada horren ondorioz berrezarri dute agintariek bigarren arrisku maila.

Hego Euskal Herrian ere kutsatzeak gora

EAEn eta Nafarroan intzidentzia-tasa gora egiten ari da azken asteetan. Urriaren 11n 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 56 kasukoa zen EAEn, baina iragan ostiralean 100 kasuen langa gainditu zuen. Igandean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazpenak egin ditu Euskal Telebistan, eta esan du datuek gora egiten jarraitzen badute Jaurlaritzak ez duela baztertzen Gabonei begira neurri murriztaileak berrezartzea.