argia.eus
INPRIMATU
Lehen Hezkuntzako ikasleek maskara janzten jarraitu beharko dute EAEn
  • Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeetara igorri berri duen protokoloaren arabera, maskara jantzita eraman beharko dute kanpoan daudenean ere.

Axier Lopez @axierL 2021eko urriaren 08a
Argazkia: Freepik

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, aste honetan iragarri bezala, ostiralean protokolo berria bidali du ikastetxeetara. COVID-19aren aurka indarrean ziren neurri batzuk malgutu ditu eta astelehenetik aurrera indarrean sartuko dira.

12 urtetik gorako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek izango dituzte aldaketarik handienak: metro eta erdiko distantzia gordez gero, maskara jarri barik aire zabalean egoteko aukera izango dute, baita "jarduera fisiko bizia" egiten, jaten edo edaten ari direnean ere. Ikasgelaren barruan ez da aldaketarik izango, maskara erabiltzen jarraitu beharko dute.

Aldiz, Lehen Hezkuntzako ikasleek eskola barruan zein kanpoaldean maskara derrigorrez eta une oro erabiltzen jarraitu beharko dute, baita jarduera fisikoetan eta jolaslekuan ere. Halere, sei urtetik gorakoentzat aldaketa bat sartuko da indarrean: aire zabalean, maila bereko ikasle guztiak elkartu eta harremanak izatea baimendu dute. Hau da, 'burbuila' taldeak nahastu ahal izango dira aire zabalean.

Ikasturtea hasi denetik, zenbait guraso kezkatuta agertu da, tartean Haurrak ere bai plataforma, maskararen erabilerak eta distantzia sozialak haurrengan izan ditzaketen ondorioengatik. "Diskriminatzailetzat" jotzen dute aire zabalean maskara eraman behar ez izatea eta, hala ere, sei urtetik gorako ikasleak une oro eraman behar izatea, jolastokian edo jarduera fisikoa egiteko ere.

Ipar Euskal Herrian, aldiz, astelehen honetatik aurrera (urriak 4) umeek ez dute musukorik behar Lehen Hezkuntzan.