argia.eus
INPRIMATU
Falciani zerrendako lehen euskal herritarra: BBVko zuzendari nagusi ohia
  • Publikatu dute Falciani iruzurgileen zerrendako lehen euskal herritarraren izena: Jose Maria Echevarria Arteche. Getxoztar honek gutxienez 1999tik 2007ra izan zituen hainbat kontu Suitzan, El Confidencial gunean jakinarazi dutenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko otsailaren 13a
Jose Maria Echevarria Arteche, artxiboko argazki batean.

1999tik irekia zuen kontu horretan, 2007an Echevarría Artechek 131.038 dolar (114.805 euro) zituen HSBC bankuan zerga iruzurra eginez.

Falcianiren zerrendan 2006 eta 2007 urteetako datuak jasota daude.  El Confidencialek publikatu duenez, 2008an itxi zuen kontua eta ez du gaiari buruz adierazpenik egin nahi izan.

Hervé Falciani informatikariak HSBC bankuko bezeroen izenak igorri zizkien 2007an Frantziako Estatuko autoritateei, zerga iruzurra egiten ari zirelako. Frantziatik, herrialdez herrialde zabaldu zuten.

Ordutik zazpi urte baino gehiago igaro dira. Bitartean, Bartzelonako epaile batek salatu zuen 558 iruzurgile handiri Espainiako Estatuak zigorrak jarri beharrean abisua igorri ziela, eta horri esker egoera erregularizatu eta fortunaren parte handi bat ezkutatzea lortu zutela.

Nor da Jose María Echevarria Arteche?

Echevarría Artechek sektore kimikoan hasi zuen ibilbide profesionala. BBVko zuzendari nagusia izan zen.

Horren ostean, Espainiako Olinpiar Batzordeko (COE) diruzaina izan zen. “Misio espainiarreko arduraduna” izan zen Languedoc-Roussillongo Mediterraneoko Jokoetan 1993an, Barin 1997an, Atlantako Joko Olinpikoetan 1996an eta Sidneykoetan 2000. urtean.

2002tik 2005era COEko presidente izendatu zuten. 2005etik Adecco Fundazioko kide da, baita hainbat enpresatako administrazio kontseiluetako kide ere, hemen irakur daitekeenez. Batzuk aipatzearren, Aguas de Barcelona, Adeslas, Conservas Garavilla, Bodegas y Bebidas eta Koipe. Horrez gain, Chicco Españako presidentea izan da, baita Espainiako Bankaren Elkarteko zuzendaritzako kide ere.

Espainiako nobleziako kide da, Grandezas de España, titulos nobiliarios liburuan jasota dagoenez. Villagodioko markes titulua dauka.

Informazio gehiago:

Falciani zerrendari jarraipena egiten ari gara ARGIAn. Ikusi kanalean informazio guztia.

"Falciani ez dago ados zerrenda horrela erabiltzearekin, gobernuen kontua izan da"

80 gipuzkoar Falcianiren iruzurgileen zerrendan, 'Noticias de Gipuzkoa'ren arabera

Munduko zerga iruzurgile aberatsenen Falciani zerrenda argitaratzen hasi dira