Emaitza ofizialak eskas badira ere, lehen datuen arabera 172 eta 192 diputatu artean lortu ditu ezkerreko FHBk, Macronen Ensemble alderdiak 150 eta 170 diputatu artean eta hirugarren kokatzen da RN, 132 eta 152 ordezkari lorturik. Lehen ministro Gabriel Attal-ek bere dimisioa aurkeztuko du astelehenean.
Zundaketen aurreikusitakoa ez da gertatu: eskuin muturreko RNk ez ditu hauteskundeak irabazi eta ezkerreko FHB Fronte Herritar Berria da lehen indarra. Emaitza ofizialak eskas badira ere, lehen datuen arabera 172 eta 192 diputatu artean lortu ditu ezkerreko FHBk, Macronen Ensemble alderdiak 150 eta 170 diputatu artean eta hirugarren da RN, 132 eta 152 ordezkari lorturik.
Hori horrela, Frantziako lehen ministroa ezkerrekoa izanen da, eta ikusteke dago zein ordezkari jarriko duten. Orain arteko lehen ministro Gabriel Attalek jakitera eman du dimisioa aurkeztuko duela: "Errepublikar tradizioari segi, nire dimisioa aurkeztuko diot bihar [astelehena] Errepublikako presidenteari". Ensemble bere alderdia gutiengoan kokaturik hartu du erabakia, zehaztuz hala ere gobernu berria osatu artean bere funtzioak eramaten segituko duela. Hain zuzen, Olinpiar Jokoak hastekoak dira uztailaren 26an Frantzian eta testuinguru horretan karguak aurrera eraman beharra azpimarratu du. Emmanuel Macron presidenteak ez du hitza hartu, eta jakitera eman duenez, legebiltzarraren osaketa berria argitu eta gero plazaratuko ditu "hartu beharreko erabakiak".
Lehen itzulian eskuin muturreko RN atera zen lehen, botoen %33,15 eskuraturik, ezkerreko Fronte Herritar Berriak %27,99 eta Macronen Ensemble alderdiak %20,04. Bigarren itzulian, parte-hartze handia izan da –%59,71koa zen 17:00etan–, eta bozkatzaileak mobilizatu dira eskuin muturrari bidea mozteko.
"Justizia sozialak irabazi du, ingurumenaren aldeko justiziak irabazi du, eta herriak irabazi du", adierazi du emaitzak jakin bezain laster ezkerreko ordezkari Marine Tondelier ekologistak. Harriduraz eta pozez hartu dituzte emaitzak ezkerreko ordezkariek eta herritarrak eskertzen dabiltza guztiak. Alderdi Komunistako Fabien Rousselek ondoko mezua zabaldu du: "Aurreikusita zegoena saihestu du herriak. Herriaz harro nago. Erantzun behar diogu hats-hartze horri, horren behar gorria dago". Hitza hartu du Frantzia Intsumisoa-ren ordezkari Jean-Luc Melenchonek, eta argitu du Fronte Herritar Berria egonen dela gobernuan: "Bere erara, FHBk Errepublika salbatu du". Alderdi Sozialistako idazkari nagusi Olivier Faurek ere azpimarratu du Frantziako Estatuarentzako "proiektu politiko berri bat osatzeko" garaia etorri dela.
Garaile ikusten zuen bere burua RNk, baina ez da horrelakorik gertatu. Iragan igandeko emaitzak eta gero, gehiengo osoa –289 diputatu– ere egingarri zeukaten zundaketa-etxe gehienek. Egunak aitzinatu ahala, gehiengo osotik gehiengora egin zuten inkesta bulegoek, baina beti ere RN lehen indarra jarrita. Kontua da, eskuin muturrari bidea mozteko, hirugarren kokaturiko hautagaiei erretiratzeko manua emana zutela FHB Fronte Herritar Berriak eta Macronen aldeko Ensemble alderdiak, horrela eskuin muturra garaitzeko aukera gehiago emateko gisan parekoari. Bi itzulien artean 224 erretiratze egon dira, eta manua kasik osoki bete dute ezkerrekoek –132 kendu eta bost mantendu dira–, macronistentzat, ordea, ez da hain kategorikoa izan –81 erretiratu eta hamasei mantendu dira–. Hori horrela, egon dira hirukiak eskuin muturreko RN, ezkerreko FHB eta beste baten artekoak, baina anitzez gutiago: 409 buruz buruko, 89 triangular eta bi laukote. Estrategia politikoak funtzionatu du, eta horien bozkatzaileek jo dute RNri bidea mozteko hautagaira. Azkenean, ezkerra izan da garaile eta Macronen Ensemble ere lehen itzulian baino indar gehiagorekin atera da, RN hirugarren utzita. Horrela ihardoki die emaitzei Jordan Bardella eskuin muturreko ordezkariak: "Desohorearen aliantzengatik eta antolabide elektoral arriskutsuengatik frantsesek ez dute susperraldi politikarik ukango".
Lehen aldikoz garaipena lortu du eskuin muturrak Frantziaren menpe segitzen duten itsasoz haraindiko eremu batzuetan. Indiako Ozeanoan diren Reunion irlan eta Mayotte irletan irabazi ditu RNk diputatu aulkiak. Ez zen horrelakorik inoiz gertatu. Guadelupen, Martinikan eta Guyanan ezkerreko Fronte Herritar Berriak irabazi du. Polinesian, autonomisten eta independentisten artean zen lehia, eta autonomistek bi diputatu lortu dituzte, independentistek bakarra.
Bestalde, Kanaky irlatik dator sorpresa: Emmanuel Tjibaou independentistak lortu du garaipena, botoen %57,33 jasorik. Loialista den Alcide Ponga zuen parean. 1986az geroztik ez zen irlako independentistarik egon Frantziako Legebiltzarrean. Kanakek bi diputatu dituzte, eta bigarrena, haatik, loialista bat da, Nicolas Metzdorf, %42,41 botorekin. Maiatzaz geroztik, giroa gogortu da irlan, Pariseren jarrerak independentisten eta oro har kanaken kexua hauspoturik. Jean-Marie Tjibaou lider independentistaren semea da Emmanuel, eta irlako giroaren isla da diputatu berriaren anaia preso sartu izana azken asteetako protesten harira. "Laguntza eskaera bat da, esperantzarako oihu bat", Emmanuel Tjibaouren hitzetan independentisten garaipen hori.