argia.eus
INPRIMATU
Lehen bi postuetan emakumeak jartzeagatik atzera bota dute hautagai zerrenda EHUn
  • Hautagaien zerrendak sexuen alternantzia mantentzea du baldintza (emakume-gizon-emakume…), EHUko Osasungintza fakultateko batzorderako hauteskundeetan. Baldintza horren helburua parekidetasuna eta emakumeen presentzia bermatzea dela ulertuta, zerrendaren lehen bi postuetan emakumeak jarri ditu Geure Osasungintza Eraikiz ikasle taldeak, baina zerrenda inpugnatu dietela kexatu dira.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko abenduaren 12a

Emakumeon presentzia bermatu beharrean, mugatu

“Orain arte erabakitze organo hauetan emakumeek izandako presentzia hutsalari erantzuten dio EHUren baldintzak, berdintasuna bermatzeko asmoz. Baina gure fakultateko errealitatea, ehuneko handiena emakumeak izanda eta bertako eragile desberdinetan dugun paper aktiboa kontuan edukita, oso desberdina da. Beraz, araudi honek gure kasuan emakumeon presentzia bermatu beharrean, erabat mugatzen du”, azaldu du ikasle taldeak. Abenduaren 21ean izango dira hauteskundeak.

“Berehala jaso genuen erantzuna, zerrendako lehen bi postuetako batean gizon bat jarri ezean gure zerrenda inpugnatuko zuten. Guk gure erabakia argudiatu eta lehen bi postuak emakumeok betetzearen hautua berretsi genuen”. “Erabakia argudiatu arren, ez dute atzera egin”, gaineratu dute.

Geure Osasungintza Eraikiz taldearen helburua, “ikasle kontseiluak bete beharko lukeen ikasleon ordezkaritza apurtu eta ikasleon hitzari legitimazio osoa emango dion Ikasle Asanblada eratzea da. Izan ere, ikasleok erabakitze-organo horietan dugun esku-hartzea ia hutsala da”.