SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greban daude lehen mailako arretan gaur, ostirala: "Osasun zerbitzua erretzen ari dira". Astelehenerako Osakidetza osoari egin diote greba deialdia, osasun "publikoa eta indartsua" defendatzeko. Larunbatean protestak egingo dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian.
“Kokoteraino gaude! Osakidetza indartu!” aldarrikatzen ari dira Lehen Arretako langileak ostiraleko greban, “Osasun Sailaren konponbide ezari” erantzunez. Eusko Jaurlaritzak jarri dituen gutxieneko zerbitzuak larunbatetako berak dira, eta garbiketan eta COVID-19ari lotutakoetan gutxienekoa %100 da. Halere, protestan ari dira EAEko osasun zentroetan: osasun publikoa eta indartsua eskatzen dute. Astelehenean Osakidetza osoa dago grebara deituta.
Lehen Arreta Arnasberritzen elkarteak bat egin du sindikatuek deitutako protestekin, eta salatu du egun langileek duten gainkargak egiturazko jatorria duela: “Pandemiak agerian utzi du lehen mailako arreta indartsua, erabakitzailea eta herritarrengandik gertukoa izateko beharra”. Ohartarazi dute arriskuan dagoela osasun publikoa.
“Lehen arreta arriskuan, zure osasuna ere bai” mezua helarazi dute osteguneko prentsaurrekoan Osalde, Osatzen, EFEKEZE eta Lehen Arreta Arnasberritzen eragileek; herritar oro mobilizazioetara batzeko beharra azpimarratu dute. Halaber, Osakidetzari eginiko zazpi eskakizun zehaztu dituzte: langileen eskubideak lehenbailehen bermatzea; osasun publiko unibertsal, doako, integrak, eskuragarri eta ekitatezkoa bermatzea; osasunerako eskubidea politika publiko ororen ardatz izatea; pribatizazioa eten eta publifikazioa sustatzea; osasun sistemaren demokratizazioa; eta euskarazko arta bermatzea.
Langileak kexu dira urtarrileko mobilizazio jendetsuen ondoren Jaurlaritzak ez duelako “pausorik eman”. Are gehiago, Jaurlaritzatik igorritako mezua izan da ez dela “grebarako unea”. Osakidetzaren “immobilismoaren aurrean”, larunbatean manifestazioak egingo dituzte, 12:00etan, Bilbon Jesusen Bihotzatik, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazatik, eta Donostian Boulevardetik.