Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ospitaleak handitzeko, eta ESK sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.
Lehen arreta indartzeko eta langileen lan-baldintzak "egonkortzeko" beharra azpimarratu du ESK sindikatuak: “Profesional gehiagotan inbertitu behar dute zentroetako plantillak modu egokian dimentsionatuz eta kontratuak duinduz, prekarietatea behin betiko amaituz eta langileen egonkortasunaren eta duintasunaren alde eginez”. Eusko Jaurlaritzak horiek indartu beharrean, iragarri du 277 milioi euro bideratuko dituela Donostiako, Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleak handitzeko. Sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.
Aspaldiko aldarrikapenak diren arren, sindikatuko kideek salatu dute EAJk eta PSEk “entzungorrarena” egiten dutela. Horrekin, batera, Imanol Pradalesi, lehendakaritzarako hautagai jeltzaleari, kritika egin diote “eraikuntza faraoniko gehiago” sustatzeagatik.