argia.eus
INPRIMATU
Lehen aldiz Udal Gobernuko kide baten eskutik jaso du hiriko bandera Irungo alarde parekideak
  • Miren Etxebeste Ahal Dugu-ko Irungo Udaleko Berdintasun zinegotziak eman die alarde parekidekoei bandera. Haatik, Irungo alkate Jose Antonio Santanok ez die harrera egin, emakumeak baztertzen dituen desfileari bakarrik bideratuz arreta.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 30

PP izan ezik, talde politiko guztietako ordezkariak egon dira Irungo herriko-etxeko balkoian alardeei harrera egiten. Karia horretara, Irungo alkate Jose Antonio Santanok ez die harrera egin nahi ukan alarde parekidekoei. Hala ere, aurtengoan egon da aurrerapauso bat: lehen aldiz udal gobernuko kide batek eman die hiriko bandera, Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak:

Emakundeko Izaskun Landaidaren arabera ez da aski, eta harrera sinbolikoak alde batera utzita, Alarde Publikoa antolatzeko urratsak ematea eskatu dio Irungo alkateari, Antxeta Irratiko Koldo Nausiak jakitera eman duenez.

Berdintasun zinegotzia eta Ahal Dugu-koa da Etxebeste. 2020tik koalizioan agintzen dute Irunen PSEk eta Ahal Duguk. Alardeari dagokionez, desadostasuna daukate udalean: PSEko ordezkariek alarde baztertzailea babestu izan dute EAJrekin batera, eta EH Bildu zein Ahal Dugu-koek alarde parekidea.

"Milesker bidea ireki zenigutenoi, alarde feminista eta bakarra" aldarrikapena daraman pankarta ikusi zitekeen Urdanibia-Mosku plazan, 1996an borroka hori abiatu zutenak gogoan. Hain justu aurten bete dira 25 urte emakumeek lehen aldiz Irungo alardean desfilatu zutela, lehen saiakera horretatik urtebetera.