argia.eus
INPRIMATU
Lehen aldiz bildu dira Etxerat eta Lehendakaria
  • Asteazkenean hartu ditu Iñigo Urkulluk Etxerateko ordezkariak Ajuria Enean. Euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eta haien senideek jasan duten sufrimendua aitortzeko, lanean aritzeko konprometitu dira bi aldeak.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 26a
Asteazkenean bildu ziren lehen aldiz Lehendakaria eta Etxerat. (Argazkia: @iurkullu).

Bileran izan dira Urkullu lehendakaria, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria, Monika Hernando Biktimen eta Giza eskubideen zuzendaria batetik; Etxerat elkartea ordezkatu dute bestetik Maider Alustizak, Jose Angel Aramendik eta Nagore Lopez de Luzuriagak. Urtarrilean egin zion bilera eskaera Etxeratek, urteko balantzea aurkeztearekin batera.

Asteazkenekoa bilera sorta baten hasiera izango delakoan, lanean jarraitu eta kontaktuan jarraitzeko asmoa erakutsi dute bi aldeek. Jaurlaritzak bilera ondoren idatzitako oharrean azaldu duenez, “modu adeitsu eta eraikitzailean” egin da bilera.

Etxeraten partetik, gustura azaldu da Maite Alustiza bilera ondoren. Bi aldeen artean “adosguneak” izan direla eta, lan agenda bat osatzea adostu zuten presoen senideen elkarteak eta Jaurlaritzak.

Etxerateko Alustiza bozeramalea Hamaika Telebistako Gurean Gaur saioan izango da asteazkeneko bileraren inguruan hitz egiteko.