Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Klima larrialdiak beste mugarri bat ezarriko du aurten. Oraingoan albistea ez da 2024a erregistroak daudenetik urte beroena izango dela, tamalez ohituta gaudelako urtez urte errekor hori hausten. Lehen aldiz, erreferentziatzat hartzen den 1850 eta 1900. urteen arteko industria aurreko garaiko batez besteko tenperatura baino 1,5 gradu altuagoa izango da aurtengoa. Datu hori nabarmendu du Europar Batzordeak bultzaturiko Copernicus ingurumen behategiaren programak, bere Larrialdi Klimatikoaren Zerbitzuaren bidez. Zehazki, azaldu du urtarriletik urrira anomalia hori jadanik 1,59ºC-koa izan dela, eta seguruenik 1,55ºC altuagoa izango dela 2024ko urte osoko tenperatura.
1,5ºC-en langa gainditzeak esan nahi du jadanik 2015eko Parisko Akordioan finkatutako konpromisoa ez dela beteko. Konferentzia horretan adostu zen tenperaturak ezin duela 2 graduko igoerarik izan, baina herrialdeek esfortzua egingo zutela 1,5ºC-en mugan mantentzeko 2150 urtera arte.
1,5ºC-en langa gainditzeak esan nahi du jadanik 2015eko Parisko Akordioan finkatutako konpromisoa ez dela beteko. Herrialdeek adostu zuten esfortzua egingo zutela muga horretan mantentzeko 2150 urtera arte
"Honek mugarri berria jartzen du tenperatura globalaren erregistroetan eta balio behar luke COP29 gailurrean anbizio gehiago izateko", azaldu du Copernicuseko alboko zuzendari Samantha Burgessek.
Europar erakundearen txostenaren arabera, tenperaturaren gorakada hori Europako ia kontinente osoan erregistratu da, baita Kanadan, AEBetako erdialde eta mendebaldean, Tibeteko iparraldean, Japonian eta Australian ere. Gainera, itsasoaren batez besteko tenperatura ere oso altua izan da, 20,68ºC-koa, 2023ko baino 0,10 gutxiago soilik. La Niña fenomenoa sortzen ari dela eta, tenperatura hori jaitsi egin da Pazifikoan.
"Honek mugarri berria jartzen du tenperatura globalaren erregistroetan eta balio behar luke COP29 gailurrean anbizio gehiago izateko", azaldu du Copernicuseko alboko zuzendari Samantha Burgessek
Euri-jasak, lehorteak eta hezetasuna
Euri-jasak, lehorteak eta hezetasuna dira klima larrialdiaren beste sintoma garbia, berriki Valentzian ikusi dugun moduan.
Copernicusek azaldu duenez, prezipitazioa batez bestekoaren gainetik geratuko da Europako toki askotan eta hezetasuna ere altuagoa izan da Txinan, Floridan eta Australian. Aldiz, lehorteak Afrikan eta Hego Amerikan sumatu dira gehien.
Zor ekologikoa
Egoera larri horren aurrean zientzialariak gero eta ozenago eta garbiago mintzo dira. Bioscience aldizkarian 1.500 zientzialarik sinaturiko txostena argitaratu dute berriki, AEBetako Oregon Estatu Unibertsitateko William Ripplek koordinatuta.
"Berotze globala, katastrofikoa den arren, polikrisi baten alderdietako bat besterik ez da, ingurumen degradazioa, desberdintasun ekonomikoa handitzea eta biodibertsitatearen galera ere barnebiltzen dituena"
Rafael Poch kazetariak bere blogera txosten horren zertzelada batzuk ekarri ditu, Patrick Mazzaren eskutik, eta ondorio nagusietako bat da sobregiro edo zor ekologiko baten aurrean aurkitzen garela: "Berotze globala, katastrofikoa den arren, polikrisi baten alderdietako bat besterik ez da, ingurumen degradazioa, desberdintasun ekonomikoa handitzea eta biodibertsitatearen galera ere barnebiltzen dituena", dio txostenak.
Beren esanetan, zor horrek ezin du modu mugagabean iraun: presioa handitu ahala eta Lurraren klima-sistema hondamendi egoerara pasatzen den heinean, gero eta zientzialari gehiago ari dira pentsatzen "kolapso sozial" bat gertatuko dela. "Entzungo ote du munduak?" galdetzen dute.