argia.eus
INPRIMATU
Lehen albistegia kanak hizkuntzetan Kaledonia Berrian
  • Frantsesa baino ofiziala ez den lurraldean, bertako lau hizkuntzatan gaurkotasunezko edukiak lantzen hasiko dira lekuko telebistan. Herritarren eskaria izan da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2017ko uztailaren 07a
Caledonia telebista kateko langileak. Argazkia: C.Male-Cot.

Azkue Fundazioak eman du albistearen berri. Ekainaren 27an, historian lehen aldiz, albistegia kanak hizkuntzetan emititu zuten Caledonia izeneko lekuko telebista katean. Ordura arte erreportajeak emititu izan zituzten. Hemendik aurrera, katearen eta Kanak Hizkuntzen Akademiaren hitzarmenari esker, gaurko gaiak ere jorratuko dituzte bertako hizkuntzetan. Albistegiak eta eztabaidak egiteko asmoa dute. Herritarrak ari ziren eskatzen bertako hizkuntzetan egiteko telebista. Kanak familiako 27 hizkuntzetatik gehien hitz egiten diren lauak aukeratu dituzte: drehu, paici, yaage eta xaracuu. Hizkuntza horietako inork ez ditu 16.000 hiztun baino gehiago.

Kaledonia Berria Frantziaren kolonia da eta estatus berezia du, subiranotasun partekatuko lurraldea da. Frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra. 80ko hamarkadara arte debekatuta zegoen kanak hizkuntzetan egindako edukia zabaltzea edo emititzea estatuko itzultzaile baten baimenik gabe.

1998ko Noumeako akordioari esker kanak hizkuntzak hezkuntzarako eta kulturarako hizkuntzatzat hartu ziren. Hedabideak hizkuntzok erabiltzera bultzatzen zituen.