argia.eus
INPRIMATU
Legutioko Imaginate Framak langileei zor zizkien 9.000 euroak ordaindu dizkie, hilabetetako borrokaren ostean
  • Hilabete hasieran abiatu zuten Legution 'Imaginate, zor duzuna ordaindu' borrokaldia, enpresari exijitzeko hainbat behargini zor zien dirua ordaintzea. Langileen hilabetetako presioaren eta gazte antolatuek deitutako mobilizazioen ostean, Imaginate Framak 9.000 euroak ordaindu dizkie begiraleei.

Gedar @GedarLangileKZ 2020ko otsailaren 04a
Langileek hilabeteetan protesta egin dute.

Legutioko (Araba) kultur etxeko Gaztegunea eta ludoteka kudeatzen ditu Imaginate Frama enpresak, eta 9.000 euro zor zizkien hainbat langileri. Aste honetan jakinarazi dute begiraleek, hilabetetako borrokari esker, zor zien guztia ordaindu diela dagoeneko enpresak: "Hilabete hasieran bost egun iraun zituen borrokaldiak, urte eta erdiz luzatzen ari zen prozesua katalizatzea lortu du".

Langileek 2018. urteko irailean adierazi zizkioten enpresari euren desadostasunak eta exijentziak: "Lanorduak ez ziren Arabako hitzarmenak ezarritakoaren arabera ordaindu, lanordu guztiak ez ziren Gizarte Segurantzan jaso, kontratu guztiak ez ziren helarazi eta sinatu, eta jaiegun eta gaueko plusak ez ziren ordaindu".

2019. urteko azaroan jaso zuten beharginek enpresaren erantzuna: zor zieten dirua ordainduko zietela esan zuen. Hurrengo hilabeteetan, ordea, ez zuten diru kopuru horren berri izan, eta ordutik, enpresaren "xantaiak, mehatxuak zein mespretxu jarrerak" jasan behar izan zituzten.

Imaginate Framak erakutsitako jarrera zela-eta, Legutioko gazte sektore antolatuak borrokaldi berria jarri zuen martxan urtarrila hasieran, Imaginate, zor duzuna ordaindu lemapean. Egindako presioaren ondorioz, mobilizazioak geldiarazteko eskatu zuen enpresak, eta beharginei zehazki zor zien zenbatekoa kalkulatzeari ekin zion.

Hurrengo egunetan ordainduko ziela adierazi zuen berriro, baina egoerak bere horretan jarraitzen zuenez, borrokaldiarekin jarraitzea erabaki zuten gazteek. Urtarrileko aurreneko egunetan Imaginate Framak antolatzen duen Gabonetako PINean elkarretaratzea egin zuten, besteak beste. Azkenean, hilabete amaieran izan dute garaipenaren berri.