argia.eus
INPRIMATU
Legazpi Doce
Legez kontrako etxebizitza turistikoen aurrean “Donostiako Udalaren pasibitatea” salatu du EH Bilduk
  • Garak jakinarazi duenez, martxoaren 21ean Donostiako Udaleko teknikariek Legazpi kaleko Legazpi Doce ostatua bisitatu zuten. Bisitaren txostenean ondorioztatu zuten ostatuaren egoera irregularra eta legez kanpokoa zela. Donostiako Udal gobernuak ez du oraindik neurririk hartu. Donostiako EH Bilduk kasua salatu du.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 17a
Argazkia: www.booking.com

Egindako ikerketan, teknikariak ohartu ziren eraikineko 3. eta 4. pisuak erabilera turistikorako eskaintzen dituztela, nahiz eta Donostian hori debekatuta izan —debekatuta dago 1. pisutik gora etxebizitza turistikorik eskaintzea—. Teknikariek bi pisuak “berehala” ixtea proposatu zuten “legez kontrakoak” direlako, baina egun funtzionamenduan jarraitzen dute.

Ez da irregulartasun bakarra: zenbait obra lizentziarik gabe egitea, larrialdiko bigarren sarrera bat edukitzearen beharra ez betetzea eta biltegi izateko sotoa jantoki bezala edukitzea, besteren artean.

EH Bilduren salaketa

EH Bilduk prentsaurrekoa egin du maiatzaren 17an egoera salatzeko, eta Legazpi Doce-ren kasua “paradigmatikoa” dela esan du. Prozesuak aurrera egin dezan lehen urratsa da Hirigintza zinegotziak txostena sinatzea. Hori galdetu diotenean, zinegotziaren erantzuna izan da ez duela txostenik sinatuko, koalizioak salatu duenez.

Udal Gobernuari exijitu diote araudia betearazi dezan.  Udala prestatzen ari den pisu turistikoei buruzko araudiaren inguruan adierazi dute zentzurik ez duela araudi berri bat egitea dagoena betearazten ez badu.