argia.eus
INPRIMATU
Legez kanpoko isuriak EAEko ibaietan: denbora laburrean konponduko ez den arazoa
  • Azken bost urteetan URA EAEko Ur Agentziak agentziak baimendu gabeko isuriengatik 1.538 abisu jaso ditu. 2017an 30 zigor-espediente zabaldu dituzte. Horietatik hamasei Araban gertatutako isuriei dagozkie; puntu beltzena Agurain dela adierazi dio eldiario.es-i Ernesto Martinez de Cabrero URA agentziako zuzendariak: sei kasu eman dira uraren isurketa behar bezala ez kudeatzeagatik.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko azaroaren 21
Isuria Zadorra ibaian. (Arg.: eldiario.es)

Eldiario.es hedabideak argitaratu duen infografian argi ikusten da zeintzuk diren kaltetutako guneak. Martinez de Cabrerok zehaztu duenez, denbora laburrean egoera ez da aldatuko. Izan ere, hiru urteren barruan dago aurreikusita araztegiak eraikitzea Agurainen eta Aiaraldean: “Europatik jada pasa digute abisua”. Bitartean, prebentzioz jokatzeko eskatu diete enpresa nahiz administrazioko arduradunei, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Ibaietako ura kutsatzearen erantzuleak industria handiak direla pentsatzen den arren, upategiak, elikadura enpresak eta industria txikiak dira ardura gehien dutenak, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esan duenez.