Nafarroako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du 2019ko abuztura arte 383 ikuskapen eta kontrol ekintza egin dituela. Aldi horretan, ustez legez kanpokoak diren apartamentuen inguruko 76 salaketa jaso ditu, eta 35 zehapen-espediente ireki dira.
"Turismoaren Ikuskapen Plana 2017ko otsailean onartu zen lehen aldiz, eta, aurten, sektoreko partikularrek edo elkarteek Turismoan behar bezala erregistratuta dauden baina baimendu gabeko jarduerak edo datu okerrak argitaratzen dituzten establezimenduen gainean egindako salaketetan edo komunikazioetan oinarritu da", dio prentsa-oharrak. "Salaketa horiei erantzuteko asmoarekin, ohartarazpenak egin zaizkie 105 enpresari datuk horiek zuzendu ditzaten, lehen urrats moduan eta informazioa aitortutako errealitatera egokitzeko".
Bestalde, apartamentuen nahiz etxebizitza turistikoen "eskaintza klandestinoa" eta freetours (doako bisita-eskaintzak) eskaintzak kontrolatu ditu. "Gero eta partikular edo bizilagun gehiagok salaketak aurkezten dituzte alokairu irregularrak egiten ari direla uste badute. Modu horretan, ustez legez kontrako 76 bat establezimenduren gaineko salaketak erregistratu dira. Nahiz eta behin espedienteak egiaztatuta denak horrela ez izan, salaketa horien bitartez, orain arte, 36 zehapen-espedienteri hasiera eman zaie".
Eskaintza handitu da
Gobernuaren hitzetan, erabilera turistikoko apartamentuen eta etxebizitzen eskaintza asko gehitu da azken urteetan, batetik, ikuskapen-lanak erregistratu gabeko eskaintza urte hauetan zehar argitara ateratzeagatik, eta, bestetik, titularrek beren zerbitzuak legez eskaintzeko izandako interesarengatik. 2015ean 411 AT (apartamentu turistiko) edo ET (etxebizitza turistiko) zenbatu baziren, egun guztira 854 establezimendu daude erregistratuta, 2018an baino %12 gehiago (761).
Freetours zerbitzuak
"Gida turistikoaren lanbideak ez du araudi espezifikorik Nafarroan, eta ez dago txartel edo gaikuntza espezifikorik", dio oharrak. "Hala ere, jarduera behar bezala araututa dago, eta zerbitzu horiek eskaintzen dituen pertsonak turismo-enpresa eta/edo kultur enpresa Nafarroako Turismo Erregistroan erregistratu eta erregistro-zenbakia jakitera eman behar du".