33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak estaltzea”.
PSNk, EH Bilduk eta Geroa Baik joan den azaroan onartu zuten Iruñeko Erorien Monumentua adieraberritzeko akordioa, eta ostegun honetan Nafarroako Legebiltzarrean onartutako aldaketarekin Iruñeko Udalak errazago eman ahal izango ditu urratsak monumentuan aurreikusitako aldaketak egiteko.
2013ko lege honen aldaketarekin, aldeko taldeek monumentuaren esanahi frankista ezabatu nahi dute, “egiarako eskubidea gordetzea eta, aldi berean, hausnarketa egitea faxismo-forma berriek dakartzaten arriskuei buruz”. Hori guztia egin nahi dute “giza eskubideen alorrean dauden nazioarteko estandarrei atxikiz, bateragarri bihur dadin memoria historiko kritiko batekin, demokraziaren, aniztasunaren eta justizia sozialaren berezko balioekin bat etorrita”.
40 urtez altxamendu faxista eta haren ondorengo 40 urteetan erregimen frankista goresteko balio izan duela diote legearen bultzatzaileek, eta “totalitarismoaren propaganda horri” amaiera emateko borondate adierazi dute. Helburu horrekin, “sistema zapaltzaile haren tesi eta oinarriak” gogorarazten dituzten sinboloak erretiratuko dituzte.
Azken 80 urteetan aldaketa gutxi egin zaizkio eraikinari. Artzapezpikuak 1998an Iruñeko Udalaren eskuetan utzi ondoren, hark kripta isolatu zuen, gorespenezko inskripzioak estali zituen eta eraikina erakusketa areto gisa erabiltzeko moduan jarri zuen.
Adieraberritzea bultzatzen duten aipatu hiru indarren gehiengo osoa bildu du proposamenak eta gainerako indarrek –UPNk, PPk, Contigo-Zurekinek eta Voxek– aurka egin dute.
Ezetza eman diete Contigo-Zurekin-en lau zuzenketei
Contigo-Zurekin-ek egindako lau zuzenketei ezetza eman die legebiltzarrak. Eskatzen zuen monumentua eraistea, monumentua eta honek batzen dituen edozelako osagai babesteko edozein era debekatzea. Horrez gain, nahi zuen deklaratzea desjabetzen ahal dela "eraikina bera edo haren atal edo guneetatik erabiltzeko edo gozatzeko edozein eskubide”. Carlos Guzmán koalizioko parlamentariaren esanetan, “parlamentu honen gertuko historian pasarte ilunenetakoa idazten ari gara gaur”.
UPNk esan du taldeen eta herritarren parte hartzerik gabe egiten ari dela proposamena, ez duela kontsentsurik bilatzen eta horregatik baztertzailea dela. Kritikatu du ere eraikinari erabilera bakarra emango zaiola, hau da, frankismoaren biktimak oroitzea, “gauza gehiagotarako ere erabili daitekeenean”.
PPk uste du eztabaida hau ez dagoela kalean eta kontu hau ez dagoela herritarrak arduratzen dituzten gaien artean. Voxentzat eztabaida hau denbora galtzea da eta eskatu die proposatzaileei ardura daitezela herritarrei benetan inporta zaizkien gauzekin.
EH Bildu: eraistea ez da bideragarria
Proposamenaren aldekoen artean, PSNk gogoratu du eraikina ez atzera ez aurrera zegoela eta egoera horrekin amaitu behar zela. Kritika egin dio eraisteari, iraganeko arrasto guztia ezabatzearekin, iraganetik ikasteko eta historia erakusteko aukera bat galtzen delako.
EH Bilduren ustez, gaur egungo Nafarroan monumentuaren eraisteak ez du gehiengo politikorik, eta oztopo juridikoak ere handiak dira. Horregatik, eraistearen aukera ez da bideragarria. Geroa Bairen aburuz, halaber, aurkeztutako bidea gutxieneko akordio batean oinarrituta dago eta horrek aurrera egitea ahalbidetzen du.