Badira barazkiak lortzeko baino, horien haziak ateratzeko lantzen diren baratzeak. Gurean, duela zenbait urtetatik martxan dagoen Aleka proiektua da hazi ekologikoak ekoizten eta merkaturatzen dituen egitasmo nagusia, baina Euskal Herritik kanpo, Espainiako Estatuan barna, badira antzeko proiektu gehiago ere. Horietako zazpi elkartu ziren martxoaren bukaeran Gipuzkoan, Cristina Eneako Hazierak eta Alekak antolatutako hazigileen lehen topaketetan. Mahai-inguru batekin hasi zuten asteburua, eta ondoren, barne mailako ekimenekin jarraitu. Proiektuon lana ezagutzera ematea eta kideen arteko sarea bultzatzea izan dute helburu topaketek.
Euskal Herriko Aleka proiektuaz gain, Madrilgo La Troje, Mallorcako Associació de Varietats Locals, Aragoiko Hazien Sarea eta Kataluniako hiru ekimen –Les Refardes, Esporus eta Eixarcolant– elkartu ziren lehen topaketetan. “Horietako zenbait, hazien sareetatik oso gertu sortutakoak dira, beste batzuk ez, baina guztiek haziak ekoizten eta merkaturatzen dituzte”, azaldu du Marta Barba Gassó topaketetako partaideak. Horrez gain, guztiak irizpide agroekologikoen arabera lan egiten duten proiektu txikiak dira. “Talde gehienen jarduna, gainera, tokian tokiko barietateei oso lotua dago”, gehitu du kideak.
Proiektu bakoitzaren funtzionamendua ezagutzea izan da topaketen helburuetako bat, beste taldeei ideiak emateko eta zailtasunei eta oztopoei aurre egiteko dituzten estrategiak partekatzeko. “Azkenean, eguneroko lanean oso bakarrik daude haziak ekoizteko proiektu txikiok, legedia enpresa handientzat egina dagoelako, eta traba asko topatzen dira bidean”, gehitu du partaideak. Esperientziak elkartrukatzetik atera duten ondorioetako bat da legedia estatu mailakoa izan arren, herrialde bakoitzak legea bere modura aplikatzen duela. Izan ere, toki batean hazien merkaturatzean pausu zehatz batean inongo arazorik izan ez duten bitartean, beste toki batean etengabeko borroka izaten da. Zentzu horretan, aurrera begira elkar babestea da taldeen asmoa.
Alekaren Beizamako instalakuntzara bisita izan zen asteburuko ekimenetako bat. Bertan, hazien ekoizpenari eta merkaturatzeari lotutako kontu praktikoez hitz egiteko aukera izan zuten hazigileek: “Bakoitzak zorrotan nola biltzen duen, edo etiketatzea nola egiten den… lanak errazteko ezagutzak eta estrategiak partekatu genituen bertan”, azaldu du Barbak. Gunean bertan, tresnak eta makineria aurrean izanda, topaketetan ateratako ideia asko zuzenean ikusteko eta aipatzeko aukera izan zuten.
Europa mailan egin izan dira hazigileen topaketak, eta horiek eredutzat hartuta pentsatu zuten estatu mailako topaketok antolatzea. Norbere herrira poltsa bete indar eta ideia bueltatu direla azaldu dute. Aurrera begira, elkarlanarekin eta harremanarekin jarraitzeko asmoa dute.