Europar Batasunak abuztuan onartutako araudi baten arabera, 2030erako degradaturiko eremuen %20 lehengo egoerara itzularazi behar da. Hori dela-eta, hainbat eragilek Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua sortu dute, eta asteazken honetan aurkeztu dute publikoki Donostian.
Degradatuta dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako guneak identifikatu eta lehengo egoerara berrezartzeko “aparteko neurriak” hartu ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari mugimendu ekologistako eta naturaren aldeko ekintzaileen ordezkaritza zabal batek, asteazken honetan Donostian. Euren esanetan, Europan onartu den araudi berria ezartzeari “lehentasuna” eman beharko lioke Imanol Pradalesen gobernuak.
Hitzordua Cristina Enea parkean jarrita bazuten ere, Gladys del Estalek hain maitea zuen Donostiako biriketako bat den horretan, azkenean eguraldia dela-eta Tabakaleran elkarretaratu dira Baso Biziak plataforma, Denon Berdeguneak koordinadora, Egurra eta Kandela baserritar ekintza, eta Eguzki eta Ekologistak Martxan talde ekologistetako ordezkariak. Jaurlaritza, natura leheneratu orain dokumentua aurkeztu dute agerraldian, testua sortu duten bost talde horiez gain, beste 22 eragileren atxikimendua ere baduena.
Konpromisoak lortzeko bide luzea
Abuztuaren 18an Europar Batasuneko Ingurumen Ministroen Kontseiluak Natura Leheneratzeko Legea indarrean sartu zen. Horren arabera, 2030erako degradaturiko lehorreko zein itsasoko eremuen %20 lehengo egoerara itzuli beharko dute EBko kide diren herrialdeek, eta ekosistema guztiak leheneratuta egon beharko dira 2050erako.
2030erako degradaturiko lehorreko zein itsasoko eremuen %20 lehengo egoerara itzuli beharko dute EBko kide diren herrialdeek, eta ekosistema guztiak leheneratuta egon beharko dira 2050erako
Ekosistemak leheneratzearen inguruan konpromisoak hartzeko nazioarteko negoziazioak luzeak izan dira, Ekologistak Martxanek gogorarazi duenez. 2022an Montrealen egindako Biodibertsitatearen Aldeko COP15 konferentzian lehen aldiz onartu zuten 2030erako biodibertsitatearen galera geldiarazi eta 2050erako “naturarekin harmonian bizitzeko helburua”.
Akordio horrek, baina, mehatxu eta erronka handiei egin behar die aurre, hala nola natur guneak babestea, multinazionalak kontrolatzea, herri indigenak aitortzea, baita natura leheneratzea ere.
Orain, Europar Batasunak helburu hori lortzeko bidean –eta biodibertsitateari buruzko bere estrategiaren barruan– onartu du Natura Leheneratzeko Araudia.
Zirrikitu bat
Hala, araudi horrek irekitako “zirrikitua” baliatu nahi izan dute Jaurlaritza interpelatzeko, eta neurriak hartu ditzala eskatzeko, araudiaren "gutxieneko alderdiak behintzat" bete ditzan. Talde bakoitzak legearen bere irakurketa egin du eta arlo zein ikuspegi anitzetatik egin dizkiote eskariak Lakuari.
Eusko Jaurlaritzak pausoak berehala eman beharko lituzkeela diote, Espainiako Gobernua prestatzen ari den leheneratze planari “itxaron gabe”, horretarako badituelako nahikoa tresna
Ekologistak Martxanen esanetan, Eusko Jaurlaritzak pausoak berehala eman beharko lituzke, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioa bere aldetik prestatzen ari den leheneratze planari “itxaron gabe”, horretarako badituelako nahikoa tresna.
Agroekologiaren esparruan lanean ari den Egurra eta Kandela baserritar kolektiboarentzat, berriz, araudiak eskatzen du ekosistema “osasuntsuak, bioanitzak eta erresilienteak” izatea, eta horretarako ezinbesteko ikusten du produkzio sistema intentsibo batetik ekologikorantz egitea.
Tapia Legea-ren mehatxua
Baina legea “albiste ona” den arren, ñabardurak ere egin dizkiote. Eguzki taldearen ustez, esaterako, orain arte natura leheneratzeko proiektuak ez badira aurrera atera “ez da izan lege edo araudi baten falta zegoelako”, eta adibide bezala jarri ditu Lemoizko zentral nuklearrarekin edo Txingudiko Planarekin gertaturikoa, “30 urte pasa dira eta oraindik bete gabe jarraitzen du”.
Denon Berdeguneak taldeak, bestalde, ohartarazi du “interes publiko handiagoko proiektuak” inposatu daitezkeela –Tapia legea izenez ezagutzen den EAEko arauarekin–, ingurumenaren kontserbazioaren gainetik.
Nolanahi ere, proposamenak ere egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari: hirietan eta inguruetan zuhaitzek gutxienez azaleraren %10 estaltzea, herritarren parte hartzea bermatuta; Hiriko Zuhaitz eta Berdeguneen Lege bat sortzea; eta era guztietako “arborizidioak” geldiaraztea, “bereziki, ekosistemak eta bioaniztasuna nabarmen degradatzen dituzten eukaliptoen landaketak”, dio Baso Biziak plataformak.
Asteazkeneko agerraldian, bost talde horietako ordezkariak bat etorri dira hemendik aurrera dokumentu hori herrietan zabaldu beharrarekin. Horretarako udaletara ere joko dute
Udaletan ere, eta larunbatean Gernikara
Asteazkeneko agerraldian, bost taldeetako ordezkariak bat etorri dira hemendik aurrera dokumentu hori herrietan zabaldu beharrarekin. Horretarako udaletara ere joko dute, babes bila ez ezik, euren eskumenekoak diren arloetan neurriak hartu ditzatela eskatzeko.
Bestalde, larunbat honetan Gernika-Lumon Guggenheim Urdaibai Stop lemapean egingo den manifestazioarekin bat egin eta hara joateko deia egin diete herritar guztiei, natur guneak leheneratzeko euren aldarrikapenarekin “bete-betean” baitator mobilizazioa.
Dokumentuaren egileak: Baso Biziak, Denon Berdeguneak, Egurra eta Kandela, Eguzki eta Ekologistak Martxan. Atxikimendua: Greenpeace, Naturkon, Lurgaia, Seo Birdlife Euskadi, Sustraiak Habitat Design, Ehko, Besaia, Butroi Bizirik, Guggenheim Urdaibai Stop, Herri Bideak Kate Barik, Ondarroa 12 Milia, Fridays For Future Bilbao, Etxalde, Erandio Herriko Elkartea, Biolur, Errez, Sukar Horia, AHT Gelditu Nafarroa, Donostialdeko eta Oarsoko AHTrik EZ taldea, Sagarrak Ekologista Taldea, Arabako Mendiak Aske, eta Araba Bizirik