Aquarius itsasontziko errefuxiatu batzuk atzerritarren atxikitze zentroetan sartuko dituzte eta litekeena da euren herrialdeetara itzularaztea.
Espainiako Barne ministro Grande Marlaskak esan du Aquariuseko 630 errefuxiatuak Espainiara iristen diren gainerakoak bezala tratuko dituztela. Dagokien espedientea irekiko diete, erregulazioa edota asiloa lortzeko edo Espainiatik kanporatzeko. Galdetuta ea pateretan etorritakoak bezala tratatuko dituzten, Barne Ministroak Onda Ceron emandako elkarrizketa batean gehitu du “legea aplikatuko dela”.
Aquarius Valentzia bidean dago. Orain hiru itsasontzitan banatuta daude: 106 pertsona Aquariusen, eta geratzen diren 524ak Italiako marinaren Orione itsasontzian eta Italiako kostazainen Dattilo-n.
Bestalde Grande Marlaskak esan du Ceuta eta Melillako hesietako kontzertinak kendu nahi dituela eta txostenak eskatu dituela beste irtenbide bat bilatzeko. “Nere esku dagoen guztia egingo dut kontzertinak kentzeko”esan du Marlaskak “ez delako onargarria” jendea jauzi egiten ikustea.