Frantziako Gobernuari Segurtasun Globalaren lege proiektua edo Separatismoaren Kontrako Legea bertan behera uzteko eskatu du Stop Segurtasun Globala kolektibo sortu berriak. Martxoaren 20an manifestaziora deitu dute Baionan, Demokraziaren alde, lege libertiziden kontra lelopean.
Stop Segurtasun Globala osatzen dute, besteak beste: Euskal Herriko ATTAC eta Jaka Horiak edo Bizi! mugimenduek; Euskal Herriko abokatuen elkarte sindikala, ELB, LAB edo Solidaires sindikatuek; eta EH Bai, Alderdi Komunista, Ensemble! Edo France Insoumise alderdiek.
Emmanuel Macronek gidatzen duen gobernuak “lege-armategi” oso bat garatzen ari dela azpimarratu du Stop Segurtasun Globalak, “iritzi-askatasuna, informatzeko eta informatua izateko askatasuna, adierazpen-askatasuna, elkartzeko askatasuna, manifestazio-askatasuna eta oro har kontestazio askatasuna oztopatzeko”. Salatu du Segurtasun Globalaren lege proiektuak Poliziaren “inpunitatea” areagotuko lukeela, eta zelatatzean sakonduko lukeela “drone eta oinezko kameren bitartez”. Separatismoaren Kontrako Legearekin, aldiz, gobernuak “laikotasuna eta Errepublika indartzeko aitzakiarekin” lege “islamofoboa” inposatu duela ziurtatu dute.
Larunbatean manifestazioa Baionan
Frantziako Estatuaren “norabide autoritarioa” arbuiatu dute Stop Segurtasun Globalean batu diren eragileek, eta gobernuari exijitu diote bertan behera uzteko Segurtasun Globalaren aurre proiektua, Separatismoaren Aurkako Legea, ordena mantentzeko Eskema Nazional berria, eta “polizia fitxategien hedapena sustatzen duten” 2020ko abenduaren 2ko hiru dekretuak. Hori guztia aldarrikatzeko manifestaziora deitu dituzte herritarrak larunbatean, Baionan, Demokraziaren alde, lege libertiziden kontra lelopean.