Sei hilabeteko gestazioaren ostean hil diren umeak erregistro zibilean inskribatu ahal izango dira hemendik aurrera Hego Euskal Herrian, Espainiako legeak jaso duen aldaketa medio. Hori zergatik den hain inportantea eta legeak zein beste pauso eman beharko lituzkeen azaldu dio ARGIAri Eider Otxoak.
“Orain arte ezin izan ditugu gure umeak erregistratu eta orain hori egin ahal izatea inportantea da, ume baten galera bizitzea beti zaila bada, ezin erregistratzeak, ume hori ez aitortzeak, mina eta amorrua areagotu egiten duelako. Legalki, ‘fetu hil’ edo ‘abortu-hondar’ izateari utzi diote, gure umeek leku bat hartuko dute, eta dolu prozesuan asko laguntzen du horrek; aspaldiko aldarrikapen bat zen”, adierazi digu Eider Otxoak. Umea galdu zuen Otxoak, eta Esku Hutsik elkarteko kidea eta terapeuta da.
Hala ere, lehenengo pausoa dela gaineratu du, eta beste bi urrats eman beharko lituzkeela legeak: batetik, sei hilabeteko gestaziora iritsi ez diren umeak inskribatzeko aukera; bestetik, heriotza perinatala jasan duten haurrak familia liburuan ere erregistratu ahal izatea.
Halako heriotza baten ostean, gurasoek lanera ez joateko hainbat eguneko baimena ez ote litzatekeen jaso behar galdetu diogu Otxoari, eta amatasun eta aitatasun baimenak aipatu ditu: “Guk bizitzen duguna da ez amatasun eta ez aitatasun bat, eta horregatik behar dugu gure dolurako, gure minerako eta gure umeak bere lekuan kokatzeko denbora hori”.
Beste bi urrats eskatu dituzte: sei hilabeteko gestaziora iritsi ez diren umeak inskribatzeko aukera, eta familia liburuan ere erregistratu ahal izatea
Pelutxeak eta globoak Hernaniko hilerrian
Umekia, ume jaioberria edo egun gutxi dituen umea hiltzeari deitzen zaio heriotza perinatala; ume horientzako leku bat inauguratu zuten Hernaniko hilerrian, joan den otsailean. Ekimenaren bultzatzaile den Esti Zeberiok kontatu digunez, “tarteka bertaratzen garenok ikusten dugu geroz eta izartxo gehiago daudela seme-alaben izenekin. Eta hori bakarrik ez, urteurrenetan edo momentu berezietan ere elkartze, sentitze, oroitze puntu izaten ari dela antzeman daiteke, tarteka izartxoen ondoan pelutxeak, globoak eta bestelako oroigarriak azaltzen baitira. Inaugurazioan esan genuen moduan, gure seme-alabek gizartean bere lekua izatea oso garrantzitsua da galera hori izan dugun gurasoentzat, eta bai neurri berriak suposatu duen aldaketa handiak, bai hilerrian euren espazioa izateak sufrimendu hori arintzen laguntzen dute, gure txikien existentzia ikusarazten dute”.