argia.eus
INPRIMATU
Lebranchuk aintzat hartu ez arren, Lurralde Elkargoa lortzeko esperantza du Baterak
  • Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoari buruzko aipamenik ez du egin Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak, Frantziako Estatuaren birmoldaketaren inguruan lehen ministroari igorri dion txostenean. Batera plataformak esperantzari eusten dio, halere: Martine Bisautak Le Journal du Pays Basque egunkariari adierazi dionez, bidea ez da hor bukatzen.

ARGIA @argia 2012ko abenduaren 11
Marylise Lebranchu Frantziako Deszentralizazio ministroa.

“Baikor gelditu behar gara” adierazi du Bisautak. “Beste zerbait izango da gibeletik”. Bien bitartean, Frantziako Estatuan prozesuak aurrera darrai.  Urtarrileko lehen hamabostaldian Deszentralizazioaren III. Akta Estatu Kontseiluari helaraziko zaio, lehen ministroaren eskuetatik pasa ostean. Otsailaren hasieran aztertuko du ministroen kontseiluak eta martxoan hasiko dira Frantziako Asanblada Nazionalean eta Senatuan gaiari buruzko eztabaidak.

“Fronte guztietan bataila egin behar da” adierazi du Frédérique Espagnac senatari sozialistak. Bere ustez, datozen lau hilabeteak garrantzitsuak izango dira eta Lurralde Elkargoaren proiektua babesten jarraitu behar da.