"Garaipen ideologikotzat" jo du eskuin muturreko RN alderdiko Marine Le Penek abenduaren 19an bozkaturiko Immigrazio Legea. Hein horretako testu bat ametsetan bai, baina errealitatean ez zuen irudikatzen. Le Penek berak errana da: "Hein horretako testurik ez nuen espero". Hain zuzen, herritarrak jatorriaren arabera mailakatzen dituen testu xenofobo bat pasa du Emmanuel Macronek, eskuinaren eta eskuin muturraren babesari esker –349 alde, 186 kontra eta 38 abstentzio–.
Harturiko neurrien artean dugu erregularizaturiko etorkinentzako laguntza sozialen ukapena –bost urtez bizi beharko dira Frantzian etxebizitzarako, haurren zaintzarentzat edota osasunerako laguntzarik jaso gabe (bi urte eta erdi, lanean baldin badabil); jatorriz etorkinak direnen sabeletik sorturikoek herritartasuna ez dute orain arte bezala automatikoa eta 16 eta 18 urteen artean galdetu beharko diote administrazioari; etorkinen etorrera mugatzeko kuotak jarriko ditu Parlamentuak; papergabeen kanporaketak erraztuko eta beraz biderkatuko ditu; etorkinaren familia bertaratzeko baldintzak bortizki gogortu dituzte –18 hilabetetik 24 hilabetera pasa da eskaera aitzin Frantzian pasa beharreko epea; baliabide finantziarioak "egonkorrak, erregularrak eta nahikoak" ukan beharko ditu eskatzaileak, osasun asegurua beharko du eta bikoteak 21 urte baino gehiago ukan beharko ditu–.
Bistan da, horrek ez du Frantziako Gobernuak nahiko lukeen bezala etorkinen etorrera mugatuko, Frantziako legediaren eragina ttipi gelditzen delako norberaren errealitate geopolitiko edo ekonomiko jasangaitzaren ondoan. Etorriko dira eta harrera bortitza jasoko dute: kanporatua izateko aukera handiak, erregularizazioa lortzeko bide are dorpeagoa –ez errateko ezinezkoa–, eta eskuratuz gero, bigarren herritar gisa kontsideratuko ditu Frantziak.
1980ko hamarkadaz geroztik, immigrazioari buruzko hogei lege baino gehiago bozkatu izan ditu Frantziako Parlamentuak. Ezkerra ala eskuina boterean, aldeak egon dira bata eta bestearen artean, baina azken urteetan gogortu egin da tonua. Aldi honetan, ozka bat gorago egin du Macronek: nazio lehentasunaren gauzapena eta eskubideen berdintasun unibertsalaren ukapena legeztatu ditu. Sinpleki azaltzeko, 2023ko abenduaren 19az geroztik eskubideak ez daude guztientzat, herritartasuna edota erregularizazioa ukatea ez delako nahikoa eta norberaren jatorriak eragiten duelako.
Lurrikara eragin omen du bozketak Frantziako Gobernuan. Ez da egia. Macronek arras ongi zekien zertan zebilen. Bozketa asumitu ere du, ez omen dago ezer "ahalkegarririk" Immigrazio Legean. Legeak Konstituzioaren aurka doazen neurri batzuk dituela zioen Barne ministro Gerard Darmaninek ere bozketa aitzin, baina ez zitzaion trabagarri. Badakite eta ez dute arazorik ikusten horretan. Eskuin muturrarekin eskuz-esku ibiltze hori asumitzen bazuen Macronek, nonbait ofizializatu egin du Immigrazio Legearekin.
Botoen %58,54 eskuraturik, presidente aulkia bigarrez jaso zuen Macronek 2022an, hein handi batean Le Peni bidea mozteko bere alde bozkaturiko hautesleei esker. Berak gorpuzten zuelako "frente errepublikarra" eta "eskuin muturrari bidea mozteko aukera". 2023ko abenduaren 19ak argiki erakutsi digu aitzinetik ere sumatu zitekeena: botoak biltzeko amua zuen mezu hori. Eskuin muturrak nahi duena eskaintzeko prest da Macron, politika xenofobo eta arrazista horretan ez duelako arazorik ikusten. Geroari begira, ondorio kezkagarri bat dakar horrek: eskuin muturrari bidea mozteko frente errepublikarraren ideia ehortzi duela Macronek.
2027an izanen ditugu berriz ere lehendakaritzako hauteskundeak Frantzian. Berriz ere Le Pen indartsu batekin, baina bidea mozteko aukerarik gabe. Izatekotan, aukera bakarra: ezkerra. Baina benetako ezker bat, ilusioa eta esperantza galdurik dutenei alternatiba sinesgarri bat eskaintzeko gaitasuna ukanen duen ezker bat.