argia.eus
INPRIMATU
Lazkao Txiki inoiz baino presenteago Ordizian
  • Nexgraff grafitigileek amaitu dute Lazkao Txikiri eta euskarari eskainitako horma-irudia. Kolorez eta ikur sinbolikoz betetako muralak oihartzun handia izan du.

Goierriko Hitza @goierriHitza 2021eko abuztuaren 27a

Amaitu dute Nextor eta Aitor Otaño aita-seme grafitilariek Lazkao Txikiri eskainitako horma-irudia. Uztailean Ordiziako Emaneurre taldeak murala egin ahal izateko diru bilketa jarri zuen martxan. Herri-proiektu honen helburua bertsolari goierritarra omentzeaz gain, euskararen aldeko ekintzak antolatzen dituen taldearen kezka bertsolariaren esaldi batekin islatzea zen. Honela dio muralean txertatutako esaldiak: «Martxa honetan aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan».

Nextor Otañok NAIZ irratiari eskainitako elkarrizketa batean, horma-irudia gazteak ibiltzen diren kalea batean dagoenez seriotasuna kendu nahi izan diotela adierazi du. Errealismoa eta Lazkao Txikik bereizgarria zuen umorea uztartu nahi izan dituzte muralean. Emaneurre taldekoek proiektua burutu ahal izateko laguntza eskaini diete Nexgraff grafitigileei, Ordiziako herritar, elkarte, entitate eta Santa Maria Kaleko 18. atalondokoei eskerrak helarazi dizkiete euren sare sozialetatik.