argia.eus
INPRIMATU
Laura Borràs da Kataluniako Parlamentuko lehendakari berria
  • Lehendakariarekin batera Legebiltzarreko Mahaia ere hautatu dute. Zazpi kide izango ditu, bi ERCkoak, bi JxCat-ekoak eta bi PSCkoak. Lehenbiziz, CUPeko diputatu bat mahaian izango da.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko martxoaren 12a
Laura Borrás, ezkerretik hirugarrena, gaurko ekitaldian. (Arg.: Kataluniako Legebiltzarra)

Laura Borràs JxCat-eko presidentetzarako hautagaia izan da iragan berri diren hauteskundeetan eta, bere lehenbiziko hitzaldian, aitortu du bera Gobernuko lehendakari izateko aurkeztu zela hauteskundeetara, baina legebiltzarreko kargutik bultzatuko duela independentzia prozesua: “Demokrazian legea herritarren menpe dago eta ez alderantziz, guk ordezkatzen ditugun herritarren nahia da legebiltzarreko muga bakarra”.

Argi utzi du, halaber, berak espetxean dagoen Carme Forcadell legebiltzarreko lehendakari ohiaren lorratza jarraituko duela. Vilaweb-ek jakinarazi duenez, Borràsek ez du egin Roger Torrent (ERC) orain arteko lehendakariak egindako bidearen aipamenik. Gogoan izan ditu espetxean eta herbestean diren preso katalanak eta azpimarratu du legealdi honek izan behar duela “inflexio puntu bat independentziaren bidean”.

Eguneko beste une gertaera deigarria izan da CUPek boto bat eskaini diola JxCati, alderdi horretako Lluis Puigi zegokiona. Puig Kataluniako Gobernuko Kultura sailburua izan zen eta egun Bruselan herbesteratua dago. JXCateko diputatu hautatu berri dute, baina legebiltzarreko adineko mahaiak ez dio utzi mahaiaren bozketan parte hartzen eta, elkartasun keinu gisa, CUPek bere boto bat eskaini dio.