Tokiko Administrazioaren Erreformarako Legea zen gai nagusia, urtarrilaren 31n. Tentsioa nabaria zen Nafarroako Legebiltzarrean. Onartu edo ez, Ahal Dugu-Orain Bai-ko taldearen ezbaiaren arabera zegoen. Orain Baiko legebiltzarkide Fanny Carrillok ebatzi zuen azkenik. 26 alde eta 24 aurka.
Fanny Carrillo behin baino gehiagotan mintzatu zen Laura Perezekin, bai atzo, bai astean barrena, Orain Baiko kide esanguratsuenarekin alegia. Bozkatzeko denbora ahitzear zegoela, duda-mudan, argi berdea piztu zen Nafarroako Legebiltzarrean: 26 berde eta 24 gorri. Tentsioa apaldu zen.
Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerrako legebiltzarkideen poza berealdikoa zen. Nafarroako udal maparen erreformaren prozesuak hiru urte iraun du, eta onartu izana begi-bistako garaipena izan da. Aldiz, UPN, PSN eta PP lur jota geratu ziren. Irudi baterako, laukoaren legealdiko azken garaipen politikoa izan zen atzo ospatu zena.
Fanny Carrillo izan zen legebiltzarkide guztien begirada pean. Bera izan da, Ahal Dugu-Orain Bai taldearen barne arazoen agertzailea. Carrillo ez zen baietzaren aldekoa, baina alderdiaren boto diziplinari lotu behar izan zitzaion, gogoz kontra lotu arren.
Orain arte, Ahal Dugun barnean ildo ofiziala eta Orain Bai taldearen arteko zatiketa ezaguna zen, ez ordea Orain Bai-ren barruan ezberdintasunak zeudenik. Bada, bai, Orain Bai taldeko legebiltzarkideak ez datoz bat.
Ahal Dugu-ko Mikel Buil, Ainhoa Aznarez eta Tere Saezek “baiezko kritiko bat” emango zutela iragarri zuten. Orain Bai-koek iritzi kontrajarriak plazaratu zituzten. Laura Perez itun programatikoarekin erabat etorri ez arren, berau errespetatu eta legea onartzearen alde zegoen. Fanny Carrillo eta Ruben Velasco lege proiektua atzera botatzeko prest zeuden.
Fanny Carrillo izan zen legebiltzarkide guztien begirada pean. Bera izan da, Ahal Dugu-Orain Bai taldearen barne arazoen agertzailea. Carrilo ez zen baietzaren aldekoa, baina alderdiaren boto diziplinari lotu behar izan zitzaion, gogor kontra lotu ere
Orain Baiko kide kritikoen artean “baiezko kritiko bat” onartzeko prest ez zeuden bi kideetako batek, Fanny Carrillok, azken unera arte eutsi zion bere jarrerari. Velascok nahiago zuela abstentziora jo esan zuen, bere hitzetan “legeak ez dituelako betetzen itun programatikoan ezarritako helburuak”. Bere nahia, logikoena erreforma hurrengo legealdirako uztea zen. Alabaina, iritziz aldatu zuen azken unean: “Abstentziora jo izanez gero, itun programatikoari uko egin izana aurpegiratuko ziguten”. Ezbaiak ezbai, baiezkoa eman zion legeari.
Geroa Bai, EH Bildu eta Ezkerra taldeak pozarren utzi zuten legebiltzarra. Geroa Baiko eledun Unai Hualdek, “aurrekorik gabeko erreforma historikotzat” jo zuen lege berria. EH Bilduko Adolfo Araizek erreformaren onurak azaldu zituen: “Eskualde bakoitzean, udalek erabakitzen dutena errespetatua izanen da, horretarako bermea ematen baitu legeak. Lortutakoa kontsentsu zabal baten emaitza da”. Ezkerrako Jose Miguel Nuinen iritziz, bi dira erreformaren onuradun nagusiak: “Herritarrak, zerbitzu hobea jasoko baitute; eta, bestetik, tokiko erakundeak, entitate indartsu eta eraginkorragoak sortuko direlako”.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente Pablo Azkonak: “Tokiko administrazioa modernizatzeko lehen urratsa da”, esan zuen. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde hagitz kontent zegoen: “Prozesu luze honetan lan sakona egin duten eragile guztientzat gure eskerrik zintzoenak".
UPN, PSN eta PPk, espero zenez, gogor kritikatu dute erreforma. UPNko Segurak “Erreforma hau EH Bilduren politika sektarioak inposatzeko bitartekoa da”, adierazi zuen, PPko Javier Garciak, berriz, “Nafarroako batasunizazio prozesuaren azken kolpetzat” jo zuen Nafarroako Parlamentuan onartu den legea.