Zuberoa, Nafarroa Beherea, Hazparne eta Biarnoko herri batzuk hartzen dituen hautesbarrutian %73,9ko parte-hartzea izan da, 1. itzulian baino ia puntu bat handiagoa. Fronte Herritar Berriko Etxaniz izango da Frantziako Asanbleako diputatua; lehen itzulian baino ia 10 puntu gehiago lortu ditu, bozen %47,92 (27.762). Beste bi hautagaiek ere apur bat gora egin dute: RN eskuin muturreko Sylviane Lopezek bozen %28,92 (16.753) eskuratu ditu eta eskuineko Resistons! alderdiko Jean Lassallek %23,16 (13.419).
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen bigarren itzulian ere parte-hartzea handia izan da laugarren hautesbarrutian, eta 2022ko hauteskundeetan baino 19,3 puntu handiagoa (%54,62).
Bigarren itzulian ere herritar gehienek ezker frontearen alde egin dute, eta garaile izan da Iñaki Etxaniz, ezkerreko Fronte Herritar Berriko (FHB) hautagaia. Lehen itzuliarekin alderatuta, 5.794 boto gehiago eskuratu ditu, ia 10 puntu gehiago. 2022ko hauteskundeetan ere Etxaniz izan zen garaile, Nupes alderdiarekin aurkeztuta, eta 19.936 boto eskuratuta. Orain, FHB alderdiarekin aurkeztuta, orduko hartan baino 7.826 boto gehiago eman dizkiote. 2022an bigarren hautagaia oso gertu izan zuen, 90 boto eskasera. Oraingoan, ordea, beste bi hautagaiak atzean utzi ditu; lehia biren artean izan ordez hiruren artean izateak eragina izan du.
Esperotakoa jazo da, eta aurreikusten zen bezala, lehian beste bi eskuineko hautagai izateak bere alde egin du. Gainera, EAJko hiru hautagaiek argitu zuten uztailaren 4ko prentsaurrekoan pertsonalki FHBren hautagaien alde egingo zutela. Ziurrenik Etxanizen aldeko botoetan ere eragina izan du, EAJri 1.128 pertsonak eman baitzioten botoa lehen itzulian, eta baliteke horietako askok ezker frontera bideratu izana bozak.
Beste bi hautagaiek ere boto gehiago eskuratu dituzte bigarren itzulian: eskuin muturreko Sylviane Lopezek 1.947 boto gehiago jaso ditu, eta Lassalle eskuindarrak 2.985 gehiago. Kontuan izatekoa da lehen itzulian lehiatik kanpo geratu zen Errepublikarrak alderdiko Beñat Cachenautek esan zuela "pertsonalki" Lassallen alde bozkatuko zuela, eta pentsa zitekeen lehen itzulian Cachenauti botoa eman zioten ia 9.000 herritarrengan eragina izango zuela. Datuek erakutsi dutenez, horiek guztiek ez dute eskuin eta eskuin muturrera bideratu botoa, igoera ez baita hainbesterainokoa izan.
Lassalle hirugarren postuan geratu da (%23,16), baina aldea estutu dio bigarren geratu den RNko Lopezi (%28,92), lehen itzuliarekin konparatuta (eskuin muturrak %25,62 irabazi zituen eta eskuinak %18,05).
[[hauteskundeak barrutiak estua 2024 U7 frantziako-legegileak lau]]