argia.eus
INPRIMATU
Laugarren gasolio isurketa ibaira Ertzaintzaren Arkautiko akademiatik
  • Zadorra Bizirik taldeak ohartarazi du Ertzaintzaren prestakuntza akademian beste isuri bat gertatu dela, laugarrena 2002tik. Salatu dute "zabarkeria" horrek kaltea eragin duela Salburuko hezeguneetan.

El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2024ko urtarrilaren 19a
Ertzaintzaren akademiatik 2018an egindako isurketak ibaian utzi zuen arrastoa.

Zadorra Bizirik ingurumenaren aldeko plataformak kezka eta gaitzespen sakona adierazi ditu Ertzaintzaren Arkautiko akademiatik egin berri duten gasolio-isuriaren aurrean. Urtarrilaren 2an detektatu zuten eta horrelako laugarren kasua da azken urteetan, substantzia arriskutsuen kudeaketan "behin eta berriz zabarkeriaz jokatu dutela" agerian uzten duela azpimarratu dute. Talde ekologistak Hordago-El Salto-ri adierazi dionez, 2002, 2017, 2018an gertatutakoak berriro errepikatzeak akademiaren erantzunik eta planik ezaren ondorio da.

Errekabarri ibaira gasolio-isuria izan zela ikusi ondoren, urgentziazko neurriak ezarri ziren hedapena geldiarazteko. Horien artean, hidrokarburoak xurgatzeko hesiak jarri zituzten ibaiaren ibilguan. Edonola ere, gasolio ugari geratu zen harrapatuta akademiako araztegian, eta, ondorioz, zisterna-kamioien bidez atera behar izan zuten.

Egoeraren larritasuna urtarrilaren 7an areagotu zen, euriteen ondorioz metatutako gasolioa azaleratu zenean, usain sarkorra sortu eta ibaiaren kutsadura areagotu zuen. "Horrek agerian utzi ditu egungo prebentzio-neurrien eraginkortasunik eza eta behin betiko irtenbide eraginkorragoak ezartzeko premia", adierazi du Zadorra Bizirik-ek.