argia.eus
INPRIMATU
Laugarren bertsio ofiziala: Ceutan Guardia Zibilak pilotak uretara bota zituen
  • Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Guardia Zibilaren eta Ceutako ordezkariaren hitzak gezurtatu ditu. Francisco Antonio Fernandez, Ceutako gobernuko ordezkariak etorkinen aurka istiluen kontrako materiala erabili izana ukatu zuen; Arsenio Fernandez de Mesa Guardia Zibilaren zuzendariak gomazko pilotak erabili izana onartu, baina “pilotak uretara jaurti izana” ezeztatu zuen; atzo Espainiako parlamentuan berriz,  Fernandez Diazek etorkinek eta GKEek emandako bertsioa onartu zuen: “Guardia Zibilak gomazko pilotekin uretara tiro egin zuen, etorkinak bertatik Espainian sartzeko ahaleginetan zebiltzan bitartean”.

Ane Lusarreta 2014ko otsailaren 14a
Ministroak “guztiz egokitzat” jo du operazioa. Ez ditu, ordea, poliziaren jokaera erakusten duten bideoak entregatu. (Argazkia: Paco Campos/EFE)

Gutxienez hamairu pertsona hil ziren, itota. Barne ministroak, pilotak uretara jaurti baziren ere “inongo momentuan ez zela beren bizitza arriskuan jarri” eta inork ez zuela “zuzenean etorkinen aurka tiro egin” azpimarratu du. Etorkinek  eta GKEek, ordea, otsailaren 6ko tragediaz geroztik behin eta berriro errepikatu dute erasoek “itsasertzera iritsi nahian zebiltzanen artean izua eta beldurra” sortu zutela, eta “kaos hori izan zela heriotzak eragin zituena”.

Guardia Zibilak “proiekziozko kartutxoekin” tiro egin zuela ere onartu du Fernandezek. “Jaurtigairik gabekoak dira, zarata besterik ez dute egiten, etorkinak aldentzeko asmo soila zuten, espainiar uretara pasa ez zitezen” gaineratu du ministroak.

Honetaz gain, kezko lehergailuak erabili zirela ere onartu du: “Ez zuten itsasoan funtzionatzen, baina Maroko eta Espainiaren arteko alegiazko itsas lerroa markatzen saiatu ziren” argitu du El Paisek jasotako hitzetan Jorge Fernandezek.

Ministroak “guztiz egokitzat” jo du operazioa. Ez ditu, ordea, poliziaren jokaera erakusten duten bideoak entregatu. Guardia Zibilak orain arte grabazioen zati batzuk baino ez ditu publiko egin, eta editatuta daude gainera.

“Saharaz hegoaldekoek hesiaren kontra erabili zuten biolentzia” erakusten dute irudi horiek, poliziaren arabera.