Udaleko Osoko Bilkuran hala erabakita, datorren urtean %50eko errekargua ezarriko zaie alokairu publikoko programetatik kanpo dauden etxebizitzei eta etxebizitza hutsei. Bestalde, tokiko zergak %2,75eko igoera izango dute, eta zabor tasak %5ekoa.
Eustaten datuen arabera, Laudion 1.288 bigarren etxebizitza eta etxebizitza huts daude. Osoko Bilkuran erabaki dute 2024erako %50eko errekargua ezarriko zaiela alokairu publikoko programetatik kanpo dauden etxebizitza eta etxebizitza hutsei, Udalak jakinarazi duenez.
Alokairu publikoko programa baten (Alokabide) parte diren edo trantsizio ekologikoa bizkortzen laguntzen duten etxebizitza hutsek ere gutxiago ordainduko dute.
Finantzetako zinegotzi Iñigo Martinezek udal-erregulazio horien garrantzia azpimarratu du: "Hauek dira legegintzaldi berri honetan onartu ditugun lehen udal-erregulazioak, eta funtsezkoa da, gutxienez, fiskalitate bidezkoagoa eta berdeagoa lortzeko bidea markatzen hastea".
Bestalde, tokiko zergek %2,75ko igoera izango dute. Irizpide berari eutsi zaio tasen eta prezio publikoen kasuan, zabor tasaren kasuan izan ezik, %5ekoa izango da igoera. Erabakiaren helburua “zerbitzu publiko hobeak bermatzea” dela adierazi du udalak.
Bestalde, adierazi du %2,75eko igoera “Hego Euskal Herriko batez besteko KPIra egokitu” dela. Aldi berean, zabor-tasak igotzea “Europako araudiaren eskakizunetara egokitzeko” izan dela nabarmendu dute.
“Gehien duenak gehien ordainduko duela” adierazi dute udaleko kideek, eta tokiko erakundeak erabakia hartzeko baliatu dituzten bi irizpideak aipatu ditu: justizia soziala eta justizia ekosoziala. “Proiektua COVID-19ak eta Ukrainako gerrak sortutako egoeraren ondorioz gaitasun ekonomiko txikiagoa duten herritarrak modu bidezkoagoan zuzentzeko eta laguntzeko erabili behar da”, adierazi du.
EAJ ez dago ados
EAJk “igoera neurrigabea dela” azpimarratu du, eta EH Bildu eta Omnia kritikatu ditu: "Ez dute eman informaziorik, azalpenik, lan egutegi seriorik ezta dokumentu ofizialik ere”. Halaber, salatu dute ez daudela “onartutako igoerak bermatzen edo justifikatzen dituzten beharrezko azterlan ekonomiko-finantzarioak".
Etxebizitza hutsei ezarritako %50eko errekarguarekin, ordea, ados agertu da EAJ. Hala ere, proposatu du Alokabidetik kanpo alokairu merkatuan dauden etxebizitzak salbuetsita geratzea.