argia.eus
INPRIMATU
Epaitegiak Laudioko Udala zigortu du amiantoak hildako langilearen familiari kalte-ordaina ematera
  • Kepa Galdos udal brigadako langilea 2012an hil zen mineral kantzerijenoa arnasteak sortutako mesoteliomagatik. Familiak salatu du EH Bilduren udal-gobernuak baztertuta sentitu dela.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 16a
(Argazkia: Aiaraldea.eus)

Gasteizko Lan-arloko Lehen Epaitegiak Laudioko Udala zigortu du Kepa Galdos langilearen senideei 133.806 euro ordaintzera, frogatutzat eman baitu amiantoa arnastearen ondorioz hil zela eta udal horrek ez zuela babes neurririk hartu hori gerta ez zedin. Halako zigor bat jasotzen duen lehen erakunde publikoa da. Galdosek mantenu lanak egin zituen udalarentzat Laudion 1980 eta 2006 artean, gaixotu eta 2012an pleurako minbiziaz hil zen arte.

Udalaren eta familiaren arteko harremanak ez dira onak izan azken urte honetan, familiak salatu baitu “baztertuta” eta “manipulatuta” sentitu dela. Iazko uztailean udal plenoan eztabaidatu nahi izan zuen gaia baina mozioa atzera bota zuten EH Bilduren eta EAJren botoekin, gai batzorde monografiko batean aztertuko zutela argudiatuta. Azkenean, epaiketa urriaren 4an egin zen, Udalaren eskariz lau hilabetez atzeratu eta gero, Aiaraldeko Atariak jaso duenez.

Amiantoaren kontrako borrokan Euskal Herrian erreferentea den Jesus Uzkudun CCOOko sindikalista ohi eta ASVIAMIE elkarteko kideak ere hitz gogorrak izan ditu EH Bilduren Laudioko udal-gobernuaren kontra bere Facebook orrialdean. Bere esanetan, Udalak eta alkateak “Mutualiarekin batera” Gizarte Segurantzako erresoluzioaren kontra egin zuten, Galdosen alargunak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea bera “auzitan” jarriz.

Laudioko Udalak ez du baloraziorik egingo epaitegiaren sententzia aztertu arte, hala adierazi dio El Correo Español egunkariari udal-gobernuko bozeramaile Jon Ander Altubek. Nolanahi ere, gogorarazi dute udal plenoak ez zuela kalte-ordainaren kopurua finkatzeko gaitasunik, eta oraingo sententziarekin ados egonez gero “bete” egingo dutela.